Olaizola II.a 22. Saralegi 9

Zama astunegia zeraman

Olaizola II.ak nagusitasunez irabazi dio Saralegiri, eta zortzigarren aldiz sailkatu da lau t'erdiko finalerako.Amezketarra ezinean aritu da ezkerrez, eta ez du bere maila eman

Ekaitz Saralegi, jarrera behartuan, ezker paretara itsatsitako pilota bat altxatzen saiatzen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Iraupena. 42.26.

Pilotakadak. 155

Saketik. Olaizolak zazpi eta falta bat; Saralegik bi eta hiru falta.

Markagailua. 1-0, 1-1, 6-1, 6-4, 11-4, 11-5, 12-5, 12-9 eta 22-9.

Bestelakoak. Labrit pilotalekua, Iruñean, bete egin zen, 1.100 ikusle inguru. Apustuak nabarmen irten ziren Olaizolaren alde: 100-30i.

Ekaitz Saralegi ez da aitzakia jarri zalea. Molde zaharreko pilotaria da, eta atzo, partidaren ondoren, zintzotasun osoz mintzatu zen. «Zalantza askorekin etorri naiz. Ez nengoen bete-betean; ezkerrez ez nion pilota kentzen, eta horrela ezinezkoa da Olaizolari irabaztea. Berak, logikoa denez, bilatu egin dit esku hori. Gero saketik eginiko faltekin ere bai... [hiru egin zituen]. Horrela ezinezkoa zen irabaztea». Partidaren kronika zehatza dira hitz horiek. «Jokatzeaz ez naiz damutzen, dena den», gehitu zuen gero, pilotari orok loriako bere aukera izan behar duela aldarrikatzeko. Baina atzoko partidak sufrikarioz gozamenez baino gehiago izan zuen harentzat.

Aurrean, Olaizola II.ak bere partida egin zuen. Ez zuen erakustaldirik eman, ezta behar ere. Are gehiago, piloteo askoko tanto batzuetan Saralegiren menpe ibili zen. Gauzak garbi zituen, eta horiek ondo egin zituen. Aurkariaren ezkerraren bila joan zen, behetik eta altuera erdian, gantxoz sar zedin saihestuz. Horrez gain, sakean altxorra aurkitu zuen, berean zein aurkariarenean. «Nik ere ez dakit nola sailkatu naizen finalerako», aitortu zuen amaieran. Bada, puntu-puntuan egon gabe ere beste inor baino hobeto moldatzen delako lau t'erdiko jokoan.

Ustekaberik ezean, bi aste barru jokatuko du finala Juan Martinez de Irujoren aurka, segur aski, Bilbon. Enpresek euren kasa atzeratuko dute finala. Olaizolak jokatuko duen lau t'erdiko zortzigarren finala da, eta laugarrena jarraian. Era berean, bere ibilbide profesionaleko 22.a izango da, eta Irujo parean izango duen hamabigarrena —laugarrena lau t'erdian—.

Finalera doazen pilotazaleek atzo Labritera joan zirenek baino partida hobea ikustea esperoko dute. Iruñeko pilotalekua goraino bete zen, iazko finalerdi bikaina gogoan, baina ez zuen haren antzik izan. Olaizola berehala aurreratu zen (6-1). Ordurako argi zegoen zein zen bere plana; bazekien aurkariak non zuen herrena, eta hura bilatu zuen. «Saralegik ez du bere mailaren erdia ere eman. Beldurrez sartzen zuen eskua, eta nik hori bilatu diot», aitortu zuen. Saralegik, gainera, lehen falta egin zuen saketik 2-1ekoan.

Saralegik, baina, nagiak kentzea lortu eta, sakea lagun, 6-4 hurreratu zen. Orduan egin zuen bigarren falta saketik. Julen Retegiren aurkako partidan ere hiru egin zituen, baina Gernikan irabazi egin zuen. Olaizolak sakea hartu eta aurkariaren erritmoa hautsi zuen. Txapeldunak ondo sakatu zuen, agian hori izango da aurtengo txapelketan hobekien egiten ari dena. Ezkerrera eta gogor, eta piloteoan ere paretaren bila aritu zen. 12-6raino joan zen, saketik falta egin zuen arte. Olaizolak bakarra egin zuen.

Saralegiren unerik onenak orduan iritsi ziren. Ondo sakatu eta pilota eskuinez mugitu zuen. Partida hasierako beldurrak ahaztu, eta arriskatzen, eta asmatzen, hasi zen. 12-9koa gantxo zehatzez lortu, eta amorru keinu batekin ospatu zuen. Ikusleak ere piztu ziren. Saralegi jokatzeko zegoen, baina beste tiro bat jo zion bere buruari. Unerik gozoenean zegoenean, beste falta bat saketik. Amezketarra hatz hautsiaren minaren zamarekin kantxaratu zen, eta saketik eginiko faltena gehitu zion. Zama fisiko zein mental hori gehiegi da Olaizolari irabazteko.

Huts horrek partidatik atera zuen Saralegi. Lau tantoren aldearekin zegoen bakarrik atzetik (13-9), hor zegoen oraindik, baina aurrerantzean pilotari bakarra egon zen. Olaizola II.ak hiru tanto egin zituen jarraian saketik (15-9, 16-9 eta 17-9), eta hor bukatu zen Saralegiren adorea. Irabazleak etxetik prestaturiko gidoiari jarraitu zion, eta arazorik gabe egin zituen azken tantoak. 20-9koan epaileek ontzat eman zuten Olaizolak eginiko pasa, baina ordurako anekdota hutsa baino ez zen.

Irujo, Ezkurdiaren aurka

Juan Martinez de Irujo iragan astean sailkatu zen finalerako, eta enpresari esan zion hiru astez geldirik ez zuela egon nahi. Gauzak hala, Aspek proba ona antolatu dio gaurko Eibarren, San Andres eguneko jaialdian (17:00, ETB1). Iberokoak lau t'erdiko partida jokatuko du Joseba Ezkurdiaren aurka. Irujok koadro erdiko desabantaila izango du sakean. Bi finalistak bihar hasiko dira finalerako prestaketa lana zehatza egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.