ALAVES 0-0 ATLETICO MADRIL

Zapore oneko puntua lortu du Alavesek

Partida itxia eta gogorra jokatu ondoren, Alavesek ontzat eman du Atletico Madrilen aurkako puntua, Mendizorrotzan. Liga amaitzeko lau jardunaldi falta direla, gasteiztarrek hiru puntura dituzte jaitsiera postuak.

Kike Garcia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kike Garcia, Atletico Madrileko jokalariz inguratuta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon eskudero
2025eko maiatzaren 3a
17:02
Entzun 00:00:0000:00:00

Mailari eusteko bidean beste puntu bat lortu du gaur Alavesek, Mendizorrotzan, Atletico Madrilen aurka. Puntu hori aski izango den ezin jakin daiteke liga amaitu arte, baina berdinketak zapore ona utzi du jokalari zein jarraitzaileen artean. Batetik, talde handi baten aurka lortu dutelako; eta, bestetik, azken jardunaldietako sendotasunari eutsi diotelako gasteiztarrek. Hutsean utzi dute atea, eta jokoz ere nahiko alai aritu dira hainbat unetan. Itxia eta gogorra izan da partida, eta talde bakoitzak aukera bikain bana izan du gola sartzeko. Ordea, fin aritu dira atepean bai Sivera eta bai Oblak atezainak, eta, azken minutuetan lehia ireki den arren, talde bakar batek ere ez du gaitasunik izan gola sartzeko. Bada, berdinketari esker, 35 puntu ditu sailkapenean Eduardo Coudeten taldeak.

Besteak beste, puntuari esker zera bermatu du Alavesek: beste aste batez jaitsiera postuetatik kanpo jarraitzea; hiru puntura dituzte jaitsiera postuak. Coudetek ere goraipatu egin du taldearen lana neurketaren ondorengo prentsa agerraldian. «Irabazteko prestatzen ditugu partidak, baina egia da pozik gaudela puntu bakarra lortuta ere. Aurkari gogorra da Atletico Madril, eta gure jokalariek ahalegin handia egin dute. Konforme nago haien lanarekin. Banaka bada ere, puntuak gehituz joatea beti da garrantzitsua». Entrenatzailearen esanetan, inoiz baino biziago ikusten ditu jokalariak. «Animoz eta jokoz oso ongi gaude, eta indartsu ailegatuko gara liga bukaerara. Baikorra naiz».

Partida bazkalostean izaki, digestioa egitea kosta egin zaie nola Alavesi hala Atletico Madrili. Siesta egiteko moduko lehen zatia jokatu dute, ia ez baita ezer garrantzitsurik gertatu. Gidoia berbera izan da lehen zati osoan: Atletico Madrilek ibili du baloia oinetan, baina ordenari eutsita, ez du batere sufritu Alavesek. Gebara eta Blanco erdilariek lan duina egin dute bisitarien joko sormena eteten, eta deseroso ibili da Diego Simeoneren taldea. Ez du lortu Siveraren ate inguruan arriskua sortzerik. Alavesi ere horixe kosta zaio. Kontzentrazioari inork baino hobeto eutsi dio, baina ez du agerraldi txiki bat ere egin erasoan. Kike Garcia aurrelariak ia ez du baloirik ukitu lehen zatian.

Horregatik, bigarren zatian, aurrerapauso bat eman dute etxekoek. Realaren aurka ere gidoi horixe ibili zuten joan den astean, lehen zatian sendotasuna baliatu ondoren, bigarrenean irabaztera zelairatu baitziren. Asmatu zuten orduko hartan. Horregatik, ahalegin bera egin dute Atletico Madrilen aurka ere, eta 53. minutuan gol aukera ederra izan du Guridik. Eskuin hegaletik jasotako erdiraketari bakar-bakarrik egin dio errematea buruz, baina langatik gora bidali du baloia. Lehen abisua izan da, eta minutu luzez erosoago jokatu du Coudeten taldeak. Simeonek berehala berdindu ditu indarrak, aulkitik jokalari garrantzitsuak zelairatuta: Sorloth eta Samu Lino.

Suarekin jolasean

Hain zuzen, azken jokalari hori izan da madrildarren pizgarri. Arriskua eraman du Siveraren areara, eta Atletico Madrilek jarraitutasuna lortu du erasoan. Lehenbizi, Gebarak atepetik atera behar izan du baloi bat, eta geroago Lengleten burukada bati sekulako erantzuna eman dio Siverak. Beste aldean ere aukera ederra izan du Kike Garciak. Azken minutuetan suarekin jolasean ibili da etxeko taldea, itsu-itsuan joan baita golaren bila. Hutsuneak utzi ditu atzean, eta min egin dute madrildarrek kontraerasoan. Dena den, bere horretan jarraitu du emaitzak, eta lau jardunaldi besterik ez ditu falta Alavesek helburua lortzeko.

ALAVES-ATLETICO MADRIL
Alaves. Sivera; Tenaglia, Garces, Mouriño, Manu Sanchez; Gebara (Jordan, 71. min.), Blanco; Vicente, Guridi (Protesoni, 71. min.), Aleña (Conechny, 89. min.); eta Kike Garcia.
Atletico Madril. Oblak; Marcos Llorente, Le Normand, Lenglet, Galan; De Paul (Koke 66. min.), Gallagher (Nahuel Molina, 71. min.), Barrios (Correa, 71. min.); Simeone (Samu Lino, 59. min.), Griezmann (Sorloth, 59. min.) eta Julian Alvarez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.