Hasi da arraun denboraldia. ETE eta KAE ligetako arraunlariek Astilleron (Espainia) eman diote hasiera sasoiari, ibaian eta erlojuaren aurka, eta Zarauzko eta Santurtziko patroiek astindu dituzte banderak. Misteriorik ez du izan estropadak, eta sorpresarik ere ez da egon. Enbata izan da bizkorrena ETE ligan, eta Sotera KAE 1 ligan. KAE 2 ligan, berriz, Hibaika nagusitu da.
ETE ligakoek abiatu dute denboraldia, eta Zarautzek irabazi du sasoiko lehen bandera: hasi eta buka izan da nagusi. Arraunlariek elkar besarkatuz ospatu dute garaipena, pozik. Ez du inor ezustean harrapatu; izan ere, denboraldiaurreko emaitzak aintzat hartuta, Enbata zen irabazteko faborito nagusietako bat. Eta halaxe izan da. Lehen ziabogarako aurretik jarri, eta amaieraraino eutsi dio erritmo biziari. 10.57.82ko denbora egin du.
Bigarren San Juan izan da. Zazpi segundo gehiago behar izan ditu hiru luze eta bi ziaboga egiteko. Gipuzkoako bi traineru horiek izan dira indartsuenak, eta dezenteko tartea atera diete gainerakoei. Hirugarren Kaiku izan da, irabazlearengandik hogei segundora; eta laugarren, Ondarroa, 21 segundora.
Gustura zen estropada bukatutakoan Juanjo Etxarte Zarautzeko entrenatzailea. «Ikaragarrizko lana egin dugu; oso ondo ari gara arraunean. Estropadaz estropada joango gara. Lana eginez gero, emaitzak etorriko dira, eta horrela segitzen badugu goian borroka egiteko aukera izango dugu».
KAE 1 ligan, berriz, Santurtzi gailendu da, eta sendo dagoela berretsi du. Bigarren txandan egin du arraun, eta hamar segundo atera dizkio lehen txanda irabazi duenari, Zumaiari. Bigarren postuan bukatu dute, azkenean, Telmo Deun ontziko arraunlariek. Hirugarren Arkote izan da, eta laugarren, Zarautz. Horiek ere bigarren txandan aritu dira.
Sotera ontziak argi erakutsi du irabaztea duela asmo, eta zaila izango dela haren aurka lehiatzea. Erlojua martxan jarri orduko, besteak baino azkarrago egin du arraun, eta aldea zabalduz joan da. Hunkituta hitz egin du Santurtziko presidente Josu Basañezek: «Momentu txar asko pasatu ditugu, bai ekonomikoki eta bai kirol arloari dagokionez. Azkenean, egindako lanaren fruitua jaso dugu».
Helburu dute liga irabazi eta Eusko Label ligara igotzea. Asmo horretan, ondo ekin diote sasoiari, eta gaitasuna badutela erakutsi dute. Basañezek, baina, ohartarazi du «hankak lurrean» izan behar dituztela. «Lanean segitu behar dugu».
Bestalde, gizonezkoen hirugarren mailan Hibaika izan da indartsuena eta bizkorrena, aise. 23 segundo atera dizkio bigarren sailkatuari, Portugaleteri; eta 26 Oriori.
Bihar, Pasai San Pedron
Atseden hartzeko denbora gutxi izango dute arraunlariek, bihar jokatuko baitute sasoiko bigarren estropada, Pasai San Pedron (Gipuzkoa). ETE eta KAE 1 ligako ontziak lehiatuko dira. Emakumezkoak 11:45ean hasiko dira, eta gizonezkoak, 12:35ean. Batzuek segida eman nahiko diote gaurko estropadari, eta beste batzuek, egindakoa hobetu. Ikusi beharko da.