Euskotren ligako txapela beste garaipen bat eskuratuta ospatu zuen atzo Oriok, Zarauzko bandera ere eskuratuta. Oriok ia hamar segundoren aldearekin ekin zion atzo Zarauzko Estropaden bigarren jardunaldiari, eta tarte hori handitu egin zuen bigarren jardunaldian, abantaila beste hamahiru segundo handituta.
22:01ko denbora osatu zuen Oriok bi jardunaldietan, eta 46 puntu lortu ditu guztira ligan. Donostiarra izan zen bigarren atzo, banderaren sailkapen nagusian nahiz ligan, Oriok baino hamar puntu gutxiago eskuratuta. Hiru kasuetan, Arraun Lagunak izan da hirugarren, eta Hondarribia laugarren. Horrela, liga amaituta, hamabi estropadatik hamarretan izan da garaile Orioko trainerua, eta zortzigarren bandera eskuratu du. Bigarren urtez jarraian irabazi du Euskotren liga.
Eusko Label ligan, berriz, Hondarribiarentzat izan da Zarauzko Ikurrina, hirugarren urtez segidan. Santurtzi izan zen garaile bigarren jardunaldian, eta bizkaitarrek handitu egin dute Oriorekiko aldea; 114 puntu dituzte orain, eta 109 Oriok. 107na puntu dituzte, berriz, Hondarribiak eta Bermeok.