Zaurian min egitera

Azken zazpi sasoietako hasierarik onena egin du Osasunak, eta bolada horri eutsi nahi dio Camp Noun punturen bat lortutaBartzelonak bi partida berdindu ditu jarraian, eta garaipena behar du ezinbestean

2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Osasunak ongi hasi du denboraldia, eta horrela jarraitu nahi du gaur Camp Noun (20:00). Lehen bi partidetan lau puntu lortu ondoren, Bartzelonaren aurka punturen bat eskuratzeko asmoz dira jokalari gorritxoak. Ez dute erraz izango, aurrean Bartzelona izango baitute, egungo txapelduna. Nahiz eta azkenaldian fin ez aritu, aurkari zaila izaten da beti Bartzelona.

Jose Luis Mendilibarren taldeak denboraldi honetan ez daki galtzea zer den, eta horrela jarraitu nahi du gaurko partidaren ostean. Hala izanez gero, hasiera ezin hobea egingo lukete iruindarrek, bost edo zazpi puntu lortuta lehen hiru jardunaldietan. Horretarako, ezustea eman behar dute Bartzelonan, joan den larunbatean Realak eta asteartean Milanek egin bezala. Mendilibarrek bost jokalari utzi ditu Iruñean, lesioengatik: Asier Riesgo, Javad Nekunam, Sergio Fernandez, Masud Shojaei eta Jon Etxaide. Debako atezaina osatu da, baina deialditik kanpo utzi du Zaldibarko entrenatzaileak.

Bartzelonak azken urteetan bezain indartsu izaten jarraitzen duen arren, ez dirudi hala denik azken partidetako emaitzak ikusita. Joan den larunbatean Donostian berdinketa lortu zuen (2-2), 0-2 irabaziz joan ondoren, eta asteartean ere emaitza bera lortu zuen Milanen aurka, 2-1 irabaziz joan ondoren. Gaur eten nahi dute bolada txar hori, lehenbailehen garaipenak lortzeko. Hala ere, jokalariek eta Pep Guardiolak ez dute burua galdu, eta lasai daude, emaitza onak iritsiko diren esperoan. Zaleak urduri daude, ordea, azken bi emaitza horiekin. Lesioekin larri dabiltza kataluniarrak. Carles Puyol osatu da, baina Gerard Pique, Alexis Sanchez eta Andres Iniesta min hartuta daude, eta hirurak garrantzitsuak dira taldearen jokoan. Azken biak gutxienez hilabetez egongo dira taldetik kanpo.

Mendilibarrek badaki zail izango dutela Bartzelonari min egitea, eta batez ere zaurian eragitea: «Zaila da haiek hiru partida jarraian ez irabaztea, baina ez da ezinezkoa. Saiatuko gara jokoan aurrea hartzen, itxaronez gero gol zaparrada jasoko dugulako. Ni baikor naiz, baina badakit nor izango dugun aurrean, eta horrek kontuak zailtzen ditu». Jokoari dagokionez, entrenatzaileak hainbat estrategia landu ditu aste osoan, baina ez du bakar bat ere aireratu nahi izan, gaur ezustea emateko asmoz.

Guardiola, betiko moduan, lasai antzera aritu zen prentsaurrekoan, azken bi emaitzei garrantzia kenduz eta arreta gaurko partidan jarriz. «Osasuna beti izan da talde zaila Bartzelonarentzat. Nortasun handia du, eta, gainera, goian egiten dute presioa. Joan den sasoian arazo handia sortu ziguten Camp Noun. Halere, guk azken bi partidetan bezala jokatuko dugu, ongi aritu baikara, nahiz eta emaitzek ez duten hori esaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.