Zazpigarren izan da Tania Calvo Munduko Txapelketan, 500 metrokoan

Espainiako marka ondu du gasteiztarrak, maila bikainean dagoela berretsita; bakarkako esprintean ariko da gaur

unai zubeldia
Donostia
2013ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Bezperan egin bezala, atzo ere oso ondo aritu zen Tania Calvo gasteiztarra Pistako Munduko Txapelketan. Herenegun zazpigarren postuan amaitu zuen taldekako esprintean, Helena Casasekin batera, eta atzo postu hori bera lortu zuen 500 metrokoan, Espainiako marka onduta (34,389). Wai Sze Lee Hong Kongoak irabazi zuen urrea, Miriam Welte alemaniarrak zilarra, eta Rebecca James britainiarrak brontzea. 20 urte besterik ez dauzka arabarrak, eta etorkizun handiko txirrindularia da. Hirugarren egunez jarraian lehiatuko da gaur Minskeko (Bielorrusia) Munduko Txapelketan, bakarkako esprintean. Marka bikaina litzateke berriz ere lehen zortzien artean sartzea, baina ez da helburu erraza izango.

Beste hiru euskal herritar ere aritu ziren atzo lehian Minsken. Bakarkako jazarpenean aritu zen Asier Maeztu, eta taldekako esprintean Hodei Mazkiaran eta Juan Peralta (Jose Morenorekin batera). Bezperan, taldekako jazarpenean, laugarren postua eskuratu ondoren, 11. amaitu zuen atzo Maeztuk bere saioa. Makal ekin zion lehiaketari, lehen itzulian 20. denborarik onena eginda, baina behetik gorako saioa egin zuen. Horren erakusgarri, zortzigarren denborarik onena egin zuen azken itzulian. Michael Hepburn australiarra, Martyn Irvine irlandarra eta Stefan Kueng suitzarra igo ziren podiumera.

Beste lau euskal herritar gaur

Eta taldekako esprintean ere 11. postuan amaitu zuten saioa Mazkiaranek eta Peraltak, Espainiako selekzioarekin. Azken bi erreleboak eman zituzten nafarrek. Alemaniak lortu zuen urrezko domina, Zeelanda Berriak zilarra, eta Frantziak brontzea. Aipagarria izan zen Britainia Handiak emakumezkoen taldekako jazarpenean lortutako urrezko domina ere, Australiari eta Kanadari aurrea hartuta. Beste lau euskal herritar ariko dira gaur lehian: Calvo, bakarkako esprintean; Juan Peralta, keirinean; Unai Elorriaga, omniumeko lehen hiru probetan; eta Leire Olaberria scratch-ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.