Athletic azkenekoz Txapeldunen Ligan lehiatu zenean, 11 urte besterik ez zuen Unai Gomezek (Bermeo, Bizkaia, 2003). 2014. urtea zen, eta artean «buruan futbolean jokatzea» besterik ez zuen ume bat zen bermeotarra. Sarri joan ohi zen San Mamesera gurasoen eskutik, eta ongi gogoan du Txapeldunen Ligako partida bat. Atariko neurketa hura harmailetatik ikusi zuen. «Napoliren aurka aritu zen Athletic, eta irabazi egin zuen: 3-1. Izugarria izan zen San Mamesen bizitakoa. Gau magikoa izan zen». Bada, 11 urteren ondoren, zuri-gorriak berriz ariko dira Europako lehiaketarik garrantzitsuenean, eta Ernesto Valverderen aginduetara egongo da Unai Gomez. Zuzen-zuzenean entzungo du Txapeldunen Ligako ereserkia, zelaian bertan, eta ilusioz gainezka dago. «Umea nintzenean hau biziko nuela esan balidate, ez nuen sinetsiko. Amets bat beteko dut, eta ametsa biribiltzeko irabazten saiatuko gara». Arsenalen aurka arituko da Athletic.
Besteak beste, iragan sasoian eginiko lan onaren saria jasoko du Athleticek. «Luzea eta gogorra izan zen joan den denboraldia, baina merezita sailkatu ginen lau onenen artean, eta, orain, gozatzeko garaia da». Futbolariek eta zaleek elkarrekin gozatu behar dutela uste du. «Bikaina da lehen partidan Arsenal San Mamesen egokitzea. Denbora asko daramagu guztia irudikatzen, eta ea gau magiko bat bizitzen dugun. Neurri handiko aurkaria izango dugu aurrean, baina nahiago dugu hala izatea». Zehazki, denboraldiaurrean bi taldeak elkarren aurka aritu ziren, eta 3-0 nagusitu zen Mikel Artetaren taldea. Partida hark ezer gutxirako balio du, bermeotarraren esanetan. «Ikusi genuen entrenatzaile eta jokalari apartak dituela Arsenalek, baina ziur San Mamesen zailtasunak izango dituztela. Sendo eta erne jokatuko dugu». Hori bai, «faboritoa Arsenal izango da. Txapelketa irabazteko hautagaien artean dago».
Athletic ez da modurik onenean iritsiko partidara. Izan ere, ligako lehen hiru lehiak irabazi ondoren, kolpea izan zen joan den larunbatean Alavesen aurka galtzea. Dena den, jokoan izandako hamabi puntuetatik bederatzi batuta, hasiera «ona» egin dute zuri-gorriek. Jokoa bera «kaskarragoa» izan da bildutako emaitza baino. «Denboraldi hasiera da, eta normaltzat jotzen dugu jokorik onena ez izatea. Fisikoki oraindik ez gaude sasoirik onenean. Joan den sasoiko jokotik urrun gaude, eta helburua da ahalik eta azkarren joko on hori lortzea». Beranduegi ere ezin da esnatu Athletic. «Txapeldunen Ligan, lehen partidatik hasi behar dugu puntuak batzen. Arsenali irabazteak izugarrizko konfiantza eta motibazioa emango lizkiguke».
«Txapeldunen Ligan, lehen partidatik hasi behar dugu puntuak batzen. Arsenali irabazteak izugarrizko konfiantza eta motibazioa emango lizkiguke»
UNAI GOMEZ Athleticeko jokalaria
Helburuei begira jarrita, aho bizarrik ez du Unai Gomezek. Garbi dio kanporaketak jokatzeko sailkatzea dutela buruan. «Zortzi partida jokatuko ditugu, eta partidaz partida aztertuko dugu egoera, baina helburua lehen 24etan sailkatzea izango da. Gauzak ongi eginez gero, aukera izango dugu horretarako. San Mamesek merezi du Txapeldunen Ligako kanporaketa bat hartzea». Ordea, egokitutako multzoa «gogorra» dela dio erdilariak. Aurkari handiak izango ditu Valverderen taldeak, ondorengo hurrenkeran: Arsenal bera, Borussia Dortmund, Qarabac, Newcastle, Slavia Praga, PSG, Atalanta eta Sporting Lisboa. «Izen handiak daude tartean, baina gazteontzat miresgarria izango da zelai horiek bisitatzea. Esaterako, nire kuadrillakoek jada prestatu dute Dortmunderako bidaia. Esperientzia aberasgarriak izango ditugu jokalariok eta zaleek, eta Athleticen izena goian utzi nahi dugu».
Gazteek, «oinak lurrean»
Hirugarren denboraldia du aurtengoa Athleticen lehen taldean Gomezek, eta aitortu du gaizki ohitzen hasia dagoela. Lehen urtean, Espainiako Kopa irabazi zuten; bigarrenean, Europa ligako finalerdiak jokatu zituen, eta, hirugarrenean, Txapeldunen Ligan lehiatuko da. «Oscar de Marcosek sarritan esaten zigun Mikel Jauregizar eta bioi bizitzen ari garena ez dela ohikoa Athleticen. Uste dut beteranoek eginiko lanaren fruituak jasotzen ari garela gazteok. De Marcosek zioen bezala, oinak lurrean ditugu, eta lana egitea besterik ez dugu buruan». Hori bai, kirol proiektu «distiratsua» eraikitzen ari da zuzendaritza. «Jokalari garrantzitsuek hemen geratu nahi dute, eta horrek gure alde hitz egiten du. Gose handia dugu, eta garesti dago jokatzeko denbora izatea». Nico Williams laguna du Bermeokoak, eta udan behin baino gehiagotan hitz egin zuen harekin. «Uda mugitua eduki du, baina berak beti esaten zidan Bilbon geratu nahi zuela. Talde bikaina eratu dugu, baina hori zelaian erakutsi behar da».
«Ikasketa prozesua amaitutzat jotzen dut, eta nahi nuke garrantzitsuagoa bihurtu taldean. Erabakiak hartzeko garaian hobetu behar dut batez ere»
UNAI GOMEZ Athleticeko jokalaria
Pertsonalki, hirugarren sasoian pauso bat aurrera eman nahi luke Unai Gomezek. Lehen denboraldian 30 partida jokatu zituen, eta aurrekoan 40. Horietatik erdiak, hasierako hamaikakoan. «Hasieratik jokatu edo ez, garrantzitsua sentitzen naiz multzoan, eta ikusten dut Valverdek baduela konfiantza nigan. Ikasketa prozesua amaitutzat jotzen dut, eta nahi nuke garrantzitsuagoa bihurtu taldean. Erabakiak hartzeko garaian hobetu behar dut batez ere». Berdin dio zer postutan jokatu, zelai erdian edo punta erdian. «Gakoa jokatzea da».
Pradosek lesio larria du belaunean
Athleticek eta Arsenalek jokalari garrantzitsuak faltako dituzte Txapeldunen Ligako estreinako partidarako, San Mamesen (18:45, Movistar +). Athleticen kasuan, Aymeric Laporte, Nico Williams eta Beñat Prados ez dira egongo Valverderen aginduetara. Atzo jakin zen Pradosek ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu duela, eta ebakuntza egin beharko diotela. Arsenali dagokionez, Martin Odegaard, Bukayo Saka, Kai Havertz eta Gabriel Jesus faltako ditu Mikel Artetak. Dena den, talde zabala osatu du Ingalaterrako taldeak. Iragan sasoian Txapeldunen Ligako finalerdietara heldu zen, eta aurten ere faboritoetako bat da.
Zailtasunak zailtasun, Valverdek badu fedea, eta burua hotz izateko premia nabarmendu zuen atzo. «Festa giroa sumatzen dut Bilbon, baina guk aldendu behar dugu festa girotik, oso partida garrantzitsua baita. Erritmo bizian jokatu beharko dugu». Hamaikakoan aldaketak egingo ditu entrenatzaileak.