Zelaiaz eta zelaian gozatuz

Realaren belar hockeyko taldearentzat denboraldi berezia da aurtengoa, zelai propioan jokatzen ari baitira aurrenekoz. Koparako sailkatzea dute lehen helburua.

Realeko hockey taldeko jokalariak, osteguneko entrenamendua hasi aurretik. GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Realari titulu ugari eman dizkio emakumezkoen belar hockeyko taldeak. Garaikur horiek mugarri izan dira taldearen ibilbidean eta garapenean. Baina denboraldi honetan beste mugarri bat ezarri du. Irailaren 17an izan zen: zelai propioa inauguratu zuen, Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Hori da taldearen berritasun nagusia denboraldi honetan. Helburuei dagokienez, Ane Segurola jokalariak azaldu ditu: «Urratsez urrats joan nahi dugu. Lehen helburua Koparako sailkatzea da. Batetik, txapelketa oso berezia delako guretzat; eta, bestetik, neguko eten luzerako pizgarri delako sailkatuta egotea, eta hura prestatzeko denbora izatea». Esan du zaila dela hortik aurrerako aurreikuspenak egitea: «Oraindik oso goiz da horretarako. Baina oso ondo egongo litzateke gutxienez bost talde atzetik geratzea».

Zelai berriaz galdetuta, berehala atera zaio barrutik: «Ematen zuen ez zela iritsiko, baina iritsi da azkenean. Taldean oso-oso gustura gaude, azkenean gure zelaia baitugu. Azpiegitura bikaina da, eta beste aurrerapauso bat da taldea haz dadin. Gure aldagela dugu, materiala hor utz dezakegu, zelai osoan entrenatzen gara...».

Sorreratik, Bera Berako zelaian jokatzen zuten, baina zelaia ez zen haiena, eta aspalditik eskatua zuten gune propioa. «Guk izan dugu estreinakoz han jokatzeko aukera, baina urte hauetan guztietan taldean aritu diren jokalari guztien lanari eta aldarrikapenari esker lortu da. Beharrezkoa zen belar hockeya sustatzen jarraitzeko. Denbora gehiago daramagunontzat berezia da». Gazteenei ere erreparatu die. «Aukera aparta da harrobiko jokalarientzat. Gero eta neskato gehiago hasten dira belar hockeyan jokatzen, eta espero dugu honek ere balio izatea oraindik gehiago erakartzeko». Zaleek ere ondo hartu dute. «Azken batean, ohituta zeuden Bera Berako zelaira joatera, eta igande eguerdiko plana egina zuten etxean jokatzen genuenean. Baina lehen partidan nahiko jende etorri zen, eta espero dugu Lasarte inguruko jende gehiago erakartzea zelai berrira».

Entrenatzeko garaian nabaritu dute aldaketa, besteak beste. «Zelai osoa izanda, entrenatzaileak aukera gehiago ditu gauzak egiteko eta lantzeko, eta, nire ustez, prestatzeko inportantea da hori».

Denboraldi honetarako, eskarmentu handiko bi jokalari falta dituzte: Maider Altuna eta Ane Erguin. «Argi dago jokalari oso garrantzitsuak zirela biak. Baina taldeari itxura oso ona hartzen diot. Fitxaketak eta harrobitik igotako jokalariak oso ondo ari dira. Etorri berriek beti ematen diote freskotasuna taldeari, eta hori ona da. Hemen geundenak ere oso gogotsu gaude. Uste dut jokalari guztiek oso argi dugula zein den bakoitzaren rola. Gainera, oso batuta gaude. Hori guztia zelaian islatzen da».

Bide onetik

Lehen bi norgehiagokak galdu ostean, aurreko igandean denboraldiko aurreneko garaipena erdietsi zuten, Santanderren, Sardineroren kontra. Nagusitasunez irabazi zuten, gainera, txuri-urdinek: 0-5. Horrek «lasaitasuna» eman diela nabarmendu du. «Bagenekien liga hasiera ez zela erraza izango, Poloren eta Club de Camporen kontra jokatu behar baikenuen, eta ligako talde indartsu eta gogorrenetakoak dira. Ondo jokatu genuen, eta punturik ez batzearen arantza txiki hori geratu zitzaigun. Batez ere Club de Camporen kontra, gertu izan genuen-eta berdinketa. Baina haien aurka hain ondo jokatzeak konfiantza eman zigun. Santanderren irabazita, segida eman genion lan onari. Emaitza gorabehera, oso ondo aritu ginen. Behar genuen halako garaipen bat».

Taldeak hasieratik izan du «oso argi» nola jokatu behar duen, eta hori funtsezkoa da, Segurolaren ustez. «Nortasunez jokatzen dugu. Defentsan sendo jokatzea eta erasoan jokoari abiadura ematea dira gure zutarriak».

Gainera, argi du haien liga «aurreko igandean» hasi zela. «Liga asko berdindu arren, Polo eta Club de Campo oraindik koska bat gorago daude gurekin alderatuta». Hilabete honetan, ordea, aurkari zuzenen kontra jokatuko dute: «Urrian ikusiko dugu denboraldia nondik nora joan daitekeen. Jokatuko ditugun lau partidei garrantzi handia ematen diegu».

Bihar etxean jokatuko dute, Atletic Terrasaren kontra (13:00). «Terrassak jokalari trebeak eta bizkorrak ditu, eta adi egon beharko dugu. Baina, etxean jokatuta, baditugu aukerak irabazteko. Partida parekatua espero dut, etaerabakigarria izango da bi areetan sendo eta eraginkor aritzea». Beste aurkari hauek izango dituzte urrian: Jolaseta, Terrassa Hockey, Complutense eta Egara. Terrassaren eta Egararen aurka etxean jokatuko dute, eta Jolasetaren eta Complutenseren kontra, aldiz, kanpoan.

Altuna eta Erguin taldetik joanda, jada eskarmentua zuten jokalariek beste ardura batzuk hartu behar izan dituzte. Tartean da Segurola bera. «Natural daramat. Lehenagotik ere egiten nuen, gustatzen baitzait ekarpena egitea eta taldekideei laguntzea. Taldekideak ez ezik, lagunak ere bagara, eta oso polita da. Kirola lanarekin edo ikasketekin uztartzen dugu denek. Gogorra da, baina merezi du ahalegintzea».

Horrenbestez, denboraldi honetarako zer helburu dituen galdetuta, argi mintzatu da. «Gozatu egin nahi dut aurrerantzean ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.