Futbola

Zelaietara ezin sartzea salatu dute informatzaile grafikoek

Salatu dute Futbol Liga Profesionalak koronabirusaren pandemia tarteko ezarri dien debekua informazio askatasunaren aurka doala, eta atzera egiteko eskatu dute.

ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 28a
12:03
Entzun

EIGE Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkarteak deituta, eta Informazio eskubidea dugu jokoan lelo hartuta, elkarretaratzeak egin dituzte gaur hainbat kamerari eta argazkilarik Zubietan, Taxoaren eta Ibaian, Futbol Liga Profesionalak lan egiteko ezarri nahi dizkieten mugak salatzeko. Koronabirusaren pandemia dela eta, Futbol Liga Profesionalak hainbat neurri hartu ditu hedabideei begira, ekainaren 11n txapelketa berriz hasten denerako. Besteak beste, ez diete sartzen utziko entrenamenduen eta partiden irudiak hartzera, eta, pandemia hasi zenetik egin bezala, kluben kanal ofizialek eta Futbol Liga Profesionalak zabalduko dituzte. Horretarako, Futbol Liga Profesionalak propio kontratatu du agentzia bat.

EIGEren arabera, Futbol Liga Profesionalaren neurriak informazio eskubidea urratzen du. Hori salatzearekin batera, argazkilari eta kamerarien lanaren garrantzia nabarmendu du. «Alarma egoerak eta krisi honek eragin duena azaltzeko». Segurtasun neurriak betez, eta osasun arriskuak ahalik eta txikienak izanik, eskatu dute berriro ere futbolari lotutako informazioa berriro eman ahal izateko. Posible dela defendatu dute. «Beste esparru guztietan egiten ari garen moduan». Izan ere, ez dute ulertzen komunikabideak funtsezko jardueratzat hartzea eta debeku hori ezartzea. Haien hitzetan, «zentzugabea» da egoera honetan ospitale, ZIU, gorputegi edo zaharren egoitzetan argazkiak atera ahal izateko baimena izatea, eta kirol-instalazio eta futbol-zelaietara sartzen ez uztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.