Zenbakiak alde jartzera

Miarritzek matematikoki eutsiko dio mailari gaur, Montpellierren punturen bat lortuz gero

Dane Haylett-Petty Montpellierreko jokalari bat atzean uzten saiatzen, lehen itzuliko partidan. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Txapela buruan eta ibili munduan. Sasoi osoan porrotarekin borrokan pasatu ondoren, titulu eta txapel gogoak bizi-bizi daude Miarritzen, Montpellierrera joan aurretik (20:45). Joan zen astean Europako Challenge kopako finalera iritsi izanak alaitasuna ekarri dio taldeari. «On egiten du bizi izan duguna bizi eta gero titulu bat irabazteko lehian egoteak», aitortu du Dimitri Yachvilik.

Challenge kopako finala hilaren 18an izanen da, ostiralarekin, Londresen (21:00). Baina, egun preziatua iritsi baino lehen, Top14an lana bukatu behar du Aguilerako hamabostekoak. Hor ere, luzaz jaitsierako postuetan ibili ondoren, lasaiago daude xuri-gorriak. Hamargarren postuan daude, 47 punturekin. Bi partidaren faltan, bost punturen abantaila erosoa daukate Baionaren aldean.

Abantaila aski handia, dagoeneko Challenge kopari beha egoteko? Deus ez da segur. Segur aski bai, bigarren mailara jaisteko hautagai nagusiak Brive eta Baiona baitira (42 puntu) eta, neurri apalago batean, Bordele (45 puntu). Miarritzeren gibelean Perpinya eta beste hiru taldeok daude.

Top14ko azken jardunaldiaren ondoren, Miarritzek maila galtzeko aukera biziki apala da, eta zerbait handia gertatu beharko litzateke horrelakorik gertatzeko. Are gehiago, Brive eta Baionaren egutegia ikusita. Top14an jarraitzeko, aski lirateke 46 puntu, eta Miarritzek 47 ditu.

Baina, xanpaina hozten utzi behar baita edaten hasi baino lehen, Miarritzek erabateko lasaitasunarekin prestatu nahiko du Challenge kopako finala. Horretarako, aski izanen luke gaur Montpellierretik puntu bat eramatea.

Baina gaurko aurkaria ez da edonolakoa. Montpellier Top14ko txapeldunordea da. Munduko Kopako garaian pattal ibili zen, jokalaririk onenak Zeelanda Berrian zeudelako. Tolosak eta Clermontek ez bezala, Montpellierrek ez dauka izarrez beteriko aulkirik jokalaririk onenak ordezkatzeko, baina edonori irabazteko gai den hamabostekoa dauka.

Hariñordoki eta Yachvili gabe

Orain, Montpellierrekoak laugarren daude sailkapenean. Gaur irabazita, segurtatua izanen lukete Top14ko titulurako kanporaketetan egotea, final-laurdenak jokatzeko —lehen biak zuzenean finalerdietarako sailkatzen dira, eta hirugarrenaren eta seigarrenaren artean bi promozio partida jokatzen dira, finalerdietara sailkatzeko—. Montpellierrekoek, beraz, motibazio handia izanen dute.

Mediterraneokoek ele ederrak izan dituzte Miarritzeren inguruan. «Sasoi hastapenarekin konparatuz, beste talde bat da. Bikain ari da», esan du Fabien Galthie Montpellierreko entrenatzaileak. Agian, presioa Montpellierkoengan izanen da. «Presio hori ondo kudeatu beharko dugu», erantsi du Fulgence Ouedraogo kapitainak.

Miarritze lasaiago egonen da, Serge Blanco presidenteak aurkakoa erran arren: «Gure lehentasuna Montpellierko partida da. Ahantz dezagun Challengeko finala, urrun dago eta». Entrenatzaileak, berriz, ez dira iritzi berekoak, hasierako hamabostekoa begiratzen bada. Hariñordokik, joan zen astean bezala, ez du jokatuko. Belaunean min dauka, eta arriskurik ez du hartuko. Harrigarriagoa da Dimitri Yachvilik ez jokatzea. Uztartze erdia pixka bat akituta dago, eta atseden eman diote, finalean sasoi betean egon dadin. Erik Lund ere ez da ariko. Fabien Barcellak, ordea, hasieratik jokatuko du aspaldiko partez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.