Zerbait izango du...

Joaquin Caparrosek hamarkada luze bat darama bere estilo zurrunari leial izanda, eta ez zaio inoiz lanik falta. Levanten ari da orain, Realaren aurkaria larunbat honetan.

Donostia
2013ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Iragan den otsailean lehortu zen aurrenekoz Joaquin Caparrosen grina, Mallorcak Anoetan hondoa jo zuenean. «Ez zaizkit oraindik indar guztiak amaitu», aitortu zuen, gainera zetorkionaz jabetuta bere buruarekiko zor guztiak kitatu nahian. Handik ordu gutxira kendu zuen kargutik Llorenç Serra Ferrer presidenteak. Caparrosek ez zekien zer sentitzen zen halakoetan. 434 partida jarraian zuzendu baitzituen Lehen Mailan, beste inork baino gehiago XXI. mendean, inoiz kalera botatzeko arriskuaz ohartu gabe.

Dirudienarekin jolasean aritzeko ahalmena du futbolak, eta Caparrosek berak ere noizbait etsi beharra zeukan berezkotasun horren aurrean. Gertatzen dena da Mallorcako jarraitzailerik ezkorrenak ere ez zuela espero gisa horretako bukaerarik. Aurreko sasoian oso emaitza onak lortu zituen zortzigarren jardunalditik aurrera. Michael Laudrup ordezkatu zuen. Aurrez egondako taldeetan erabilitako zirriborroa berreskuratu zuen lehen egunetik, bere egitasmoaren eraginkortasunari eskerrak tokian tokiko helburuak bete zituelako beti. «Sailkapena, lagun!», esaldi ezaguna bota zuen urtebete lehenago Bilbon, Athleticen jokoari distira falta ote zitzaion galdetu ziotenean. Ikusgarritasunaren eta elkar hartzeko jokoaren gaiak funtsik gabekoak iruditzen zaizkio. Estatistikaren indarrak ez omen du parekorik harentzat.

Mallorcak, ordea, iratzartzeko lanak izan zituen, eta nekez iraun zuen aurreneko itzulian zehar jaitsiera postuetatik kanpo. Publikoki zirikatu zituen bereak gordeta zeukaten jenioa azaleratzeko. «Edozein taldek pentsatu behar luke Mallorca aurkari gogaikarria dela, eta irabazteko gogorra, baina ez da horrelakorik gertatzen». Diziplina, kontzentrazioa eta atzealdeko lan indartsua. Caparrosen hiru zutabeak, doan tokira doalarik ere eraiki beharrekoak. Horiek jarri nahi izan zituen kosta ahala kosta. Horren adibide, jokalariek atseden zuten batean, Errege egunaren bezperan, zehazki, okerrak zuzentzeko saioa prestatu zuen bideo gelan. Futbolarien oniritzia jaso zuen azkenean. Bartzelona eta Real Madrilen ondotik gol gutxien hartu zuen taldea izan zen Mallorca, eta azken jardunaldi arte Europan sartzeko aukerak izan zituen. Zuzendaritzak eta taldeak txalotu egin zuten entrenatzailearen lana. Ez zuen askorik iraungo.

Hurrengo ikasturtea ez zuen gainditu. Lehen bost jardunaldietan 11 puntu bildu arren, basamortuan sartu zen Mallorca. Ez aurrera ez atzera. Pixkana-pixkana, Caparros eta zenbakiak, banandu ezineko batasuna, urtzen hasi ziren. Hurrengo hamazazpi norgehiagoketatik hamahiru galdu zituen, horietatik sei jarraian. Amildegiaren ertzean geratu zen Mallorca, eta, horrenbestez, bereak egin zuen entrenatzaile gisara.

20. aldiz Realaren aurkari

Aurreko hamarkadaren hasieran inoizko Sevillarik indartsuenaren oinarriak sendotu zituen. Recreativotik joan zen Andaluziako hiriburura 2000ko udan. Artean Sanchez Pizjuanekoak deseginda zeuden, Bigarren Mailan harrapatuta, eta eltzetxoan hautsa pilatuz. Caparrosen etorriak lehen egunetik eman zituen fruituak. Aldagelako kide guztiak elkartu egin zituen, eta talde adoretsu eta lehiakor bilakatu ziren. Zenbat eta gol gutxiago hartu, orduan eta gertuago egongo ziren puntuak eskuratzetik. Joko arau hori hautsiezina izan da gaurdaino harentzat. Bost urtez egon zen Sevillan, horietatik lau Lehen Mailan. Koska bat gora igo ahal izateko, irabazteko grinatsuago zen norbaiten bila hasi ziren Sevillako agintariak. Juande Ramos hautatu zuten ordezko moduan.

Sevilla goruntz zihoan etenik gabe, eta Deportivo, aldiz, kontrako norabidean. Galiziarrak gerrikoa estutzen hasiak ziren urte askoan gezurrezko oparotasunean bizi eta gero, eta Caparrosengan pentsatu zuten. Trantsiziozko urteak tokatu zitzaizkion. Helburua neurria ematea zen, izanaren eta izatearen arteko bereizketa gehiegi antzeman ez zedin. 2005-06ko sasoia zortzigarren tokian amaitu zuten. Hurrengo urtean zertxobait behera egin bazuten ere, arazorik gabe eutsi zioten mailari.

Caparrosek argi zeukan nola edo hala eskuratu behar zituela emaitzak, baina Deportivoko zalea ikuskizunera ohitua zegoen, eta berehala sortu ziren egonezinak. Alde batak edozein preziotan lortu nahi zituen garaipenak. Besteak zerbait gehiago eskatzen zion. Harmailetako giroa gaiztotu egin zen. Zer esanik ez klub barrukoa. Etsaitu egin ziren entrenatzailea eta taldeko langileak. Esaterako, Deportivoren egunkari ofizialaren eta Caparrosen arteko liskarrak ez sinesteko modukoak izan ziren. Coruñan jarraitu edo ez erabakitzen ari zenean, «zoaz nahi baduzu, etorriko da eta beste norbait» idatzi zuen egunkariak. Athleticekin Riazorrera joandako batean Miguel Angel Lotina ari zen etxekoentzat lanean. Hara zer kaleratu zuen egunkariak Lotinaren argazkiaren gainean. «Entrenatzaile handia, ez beste batzuen moduan». Azpititularra ere oso izan zen gogorra. «Joko beldurgarriaren ondorioz Riazor hustu zuena etorri zaigu». Caparrosen jarduna gutxiesteko hitzak ziren. Zauria ez da oraindik sendatu.

Athleticen egon zen lau urteetan ere kirol helburuak bete egin zituen. Hala ere, bizkaitarren jokoa ez zen batere erakargarria izan zale askorentzat, eta Sevillan eta Coruñan gertatu moduan, erasoan aritzeko baliabiderik eza leporatu zioten. Joko zuzenaren eta intentsitatearen balioa estatistiken bidez neur daiteke. Ingurua aspertzea, aldiz, emaitza baikorrak lortuagatik entrenatzailearekin bat egiten ez duenean.

Itzalitako taldeak pizteko gaitasuna aitortu diote berriro Valentzian. Levantera heldu da, aro berriari ekin behar izan dion multzo batera. Bazterrak lasaitu eta talde sendoa eraikitzeko agindua jaso du berriz. Haren metodoa fidagarria izan zen aurreko hamarkadan. Horri helduz garai berrietara egokitzeko gai dela erakustea da Caparrosen erronka nagusia. Etzi Realak 20. aldiz izango du aurkariaren aulkian. Hain zuzen, Caparros da lanean ari diren entrenatzaileen artean txuri-urdinek gehiagotan aurkari izan duten teknikaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.