Datu harrigarri bat zabaldu da azken orduotan. Mont Blancek, Europako mendirik garaienak, bi metro galdu ditu 2021. urtetik hona: 4.805,59 metro dituela ondorioztatu dute aurten, hau da, orduan baino 2,22 metro gutxiago —4.807,81 metro zituen orduan—. Duela 22 urte hasi ziren mendiaren garaiera sistema zorrotzekin neurtzen, eta ordutik aurten da mendia txikien.
Atzo Chamonixen (Frantziako Alpeak) eginiko prentsaurreko batean aurkeztu zituzten datuok. Topografoak ez zeuden harrituta, edonola ere. «Mont Blancen tontorra duna bat bezalakoa da, mugitu egiten da, eta lehen ere neurtu izan ditugu bi metro baino gehiagoko gorabeherak haren garaieran», esan zuen UNGE ikertzaile taldeko buru Cecile Taffinek.
Albistea sua lur lehorrean bezala zabaldu da azken orduetan, baina zehaztapen bat egin behar da: halako aldaketak ez dira mendiaren harrian gertatzen ari, baizik eta haren gailurra estaltzen duen izotz eta elur geruzan. Izan ere, zientzialariek tontorreko izotzaren gainean jarritako gailuekin egiten dute tontorraren eredua. Beraz, duna bat badago Mont Blancen tontorrean, ez da harrizkoa, baizik eta elur-izotzezkoa.
Beraz, geologiaren bidez ez baizik meteorologia eta klimatologiaren bidez aztertu behar da zergatik ari den txikiagotzen Europako erraldoia.
Jean des Garets topografoak azaldu duenez, litekeena da udan euri gutxiago egin duelako gertatu izana jaitsiera. Euri gutxiago, elur eta izotz gutxiago. Horrez gain, aurten haizea maizago ibili da gailurrean, eta horrek higatu egin du elur eta izotz geruza. Normalean udan pilatzen da gehiena, batez ere orduan egiten duelako euria. Baina, aurten, geruza ez da ia aldatu ekainetik irailera, Farouk Kaddek topografo taldeko kideak azaldu duenez. «Normalean, Mont Blancek metro bat irabazten du ekainetik irailera, baina aurten ez da gertatu, egun batzuetan zerotik gorakoak izan baitira tenperaturak gailurrean, eta zero gainetik hamar graduko marka ere hautsi da».
Bi urtetik behin neurtzen dute mendiaren garaiera, eta, Garetsek ohartarazi duenez, baliteke mendia orain baino askoz garaiagoa izatea bi urte barru. Neurturiko altuerarik handiena 2007. urtean izan zuen: 4.810,90 metro.
Ikertzaileek ez dute ondoriorik atera nahi izan, are gutxiago klima larrialdiarekin lotu. «Datuak interpretatzeko lana zientzialariei utziko diegu», adierazi dute.
Mont Blanceko gailurraren gorabeherek gogora ekarri dute azken egunotan alpinismoaren munduan piztu den eztabaida: ikertzaile batek zalantzan jarri du hamalau zortzimilakoak igo dituzten mendizale gehienen balentria, argudiatuta ez direla igo Manaslu, Annapurna eta Dhaulagiri mendien tokirik altuenera. Ohorea ukatu die, esaterako, Edurne Pasabani, Juanito Oiarzabali eta Alberto Iñurrategiri.
Baina Alpinismo Elkarteen Nazioarteko Batasunak (UIAA) gaitzetsi egin du mendizaletasunaren historia auzitan jartzeko saioa.