Neguko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak. Euskal eskiatzaileak

Zero azpiko berotasuna

Bi hilabete pasatxo falta dira Sotxiko neguko Olinpiar Jokoetarako, eta hainbat euskal kirolari Errusiarako sailkatzeko lanean ari dira buru-belarri. Aspaldiko parte hartzerik onena izan daiteke Sotxikoa.

unai zubeldia
2013ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Hotza gerturatzearekin batera ari dira berotzen asko eta asko. Lau urteko prestaketa gogorrari iritsi zaio fruituak jasotzeko garaia. Elurrak ez dauka eguzkiaren goxotasunik; zero azpiko tenperaturak ez du erakartzen udako epelak hainbat ikusle. Baina bi hilabete eskasera gerturatu da, jada, neguko kirolen gozatu handia. 64 egun besterik ez da falta Sotxiko Neguko Olinpiar Jokoak hasteko. 2014ko otsailaren 7tik 23ra jokatuko dira, Errusian, eta hainbat euskal kirolari buru-belarri ari dira lanean bertan aritzeko aukeraren bila. Olinpiar Jokoen ondoren jokatuko dira Paralinpiar Jokoak, martxoaren 7tik 16ra.

Otsailaren 7tik martxoaren 16ra, hemeretzi kirol eta 156 diziplina. Aukera seguruenei helduta, Sotxin izango dira Lucas Egibar donostiarra (snowboard), Xavier De le Rue baionarra (snowboard) eta Paul de la Cuesta donostiarra (eski alpinoa). Baina, hurrengo bi hilabeteotako kirol emaitzen arabera, euskal herritarren multzoak hirutik dezente gora egin dezake; seira kasurik onenean. Iraupen eskian lehiatzeko borrokan ari dira Ioseba eta Imanol Rojo anaia tolosarrak —azken ordura arte argituko ez den arren, biak joateko aukera txiki bat ere badago—. Eta orpazurdako lesioari aurre egiteko esprint betean dabil Jon Santacana donostiarra —laugarren aldiz ariko litzateke Paralinpiar Jokoetan—. Camille de Faucompret ere, Pauen jaio eta Beskoitzen bizi den snowboarderra, sailkatzea ziurtatu gabe dago oraindik. Lau urteko beroketa lanak ahaztuta, zero azpiko berotasun bila dabiltza denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.