Eibarrek ezin izan zuen punturik urratu atzo Ipuruaren Bigarren Mailako itzuleran. Aurreko sasoian Lehen Mailara igotzear ibili zen Girona, baina ez ziren kikildu armagileak. Lehen zatian nor gehiago aritu ziren, eta oso partida lehiatua jokatu zuten. Edonork har zezakeen aurrea markagailuan, baina huts eta hutsekoarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, Eibar oso indartsu atera zen, eta lehen hamar minutuak izan ziren partidako onenak. Orduan iritsi zen Gironaren gola. Añibarrok penaltia egin zuen, eta, gainera, txartel gorria ere atera zion epaileak. Felipek ez zuen hutsik egin penalti puntutik. Hortik aurrera, Girona jaun eta jabe izan zen. 71. minutuan iritsi zen bigarren gola, penaltiz hura ere, Chandoren eskutik. Partida amaitzear zela, bi jokalari gutxiagorekin gelditu zen Eibar, Navas kaleratu baitzuen epaileak, penaltia izateaz gainera. Eloik lortu zuen 0-3koa. Zerutik jaitsi zuen Gironak Eibar.