Arrauna. Eusko Label liga

Zierbenak Getariaren ametsa zapuztu du

Zierbenak denboraldiko hirugarren bandera irabazi du Getarian. 'Esperantza'-k bigarren egin du etxeko estropadan.

Zierbena Zarauzko estropadan, atzean Getaria duela.
Zierbena Zarauzko estropadan, atzean Getaria duela.
Paulo Ostolaza.
2025eko abuztuaren 24a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emozioz betea izan da Getarian (Gipuzkoa) jokatu den Eusko Label ligako estropada. Etxeko taldeak, bigarren txandatik, gertu izan du bandera, baina Zierbenak, azken txanpan bikain jardunda, lanak hiru segundo azkarrago amaitu ditu, eta Esperantza-ri ametsa zapuztu. Zierbenak ere behar zuen garaipen bat; denboraldiko hirugarrena du, eta modua eman dio sailkapen nagusiko bigarren postuan sendotzeko.

Getariak aise menperatu du bigarren txanda. Etxeko zaleen hauspoa baliatuta, lehen luzetik estropada hausteko asmoz irten dira, eta lortu dute: lehen ziabogarako, sei segundo ateratzen zizkieten Hondarribiari eta San Juani. Tartea handituz joan da pixkanaka: hamalau ziren bigarren ziabogan, hamazazpi hirugarrenean, eta 25 helmugan. Bandera irabazteko moduko denborak ziren, eta etxeko arraunlariak bandera astintzen ikusteko esperantza piztu da kaian zegoen jendetzaren artean.

Ohorezko txandara begira jarri dira guztiak. Orio izan da, orain arte, denboraldiko trainerurik onena; zenbait estropadatan aurkariek eutsi diote lehen luzeetan, baina horiek egurra eman diete azkenekoan. Gaur ere gidoia antzekoa izango zela zirudien: azken ziabogaraino ia parean iritsi dira Zierbena eta Orio, baina, gaur, bizkaitarrek hautsi dute estropada.

Bandera eskuratzeko, ordea, bigarren txandako irabazlearekin zuten lehia. Hala erakusten zuen GPSak. Arraunlariek hortzak estutu dituzte azken txanpan: sei segundo atera dizkiote Oriori, eta zortzi Urdaibairi. Getariari, berriz, ontzi bateko tartea atera diote; hiru segundo. Emaitza bikaina lortu du Zierbenak, eta historikoa Getariak.

Galizia eta Kontxa

Atzerago, Donostiarrak amaitu du bosgarren, Hondarribiak seigarren, Isuntzak zazpigarren eta San Juanek zortzigarren. Lehen txandako laurek amaitu dute azken postuetan: Aresek, Ondarroak, Cabok eta Kaikuk.

Sailkapen nagusian berrikuntza gutxi izan dira. Oriok 186 puntu ditu, eta Zierbenak tarte handiagoa ateratzen dio orain Donostiarrari: 159 puntu ditu, Donostiarrak baino zortzi gehiago. Getaria (123), berriz, Hondarribiaren (127) bosgarren postura gerturatzen ari da.

Datorren astean Galiziara bidaiatuko du berriro ere Eusko Label ligak, eta iraileko lehen bi asteburuetan Kontxako Bandera izango da jokoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.