CHELSEA 5-2 REALA

Zigor handiegia jaso du Realak Chelsearen aurka: 5-2 galdu du

Realak lan bikaina egin du Txapeldunen Ligako atarikoaren joanekoan, baina Chelseak astindua eman dio partidaren bukaeran. Bana joan dira atsedenaldira, baina txuri-urdinek nekea sumatu dute bigarren zatian.

Laura Camino Realeko jokalaria lehian, Chelsearen aurkako partidan, Londresen. REALA
Laura Camino Realeko jokalaria lehian, Chelsearen aurkako partidan, Londresen. REALA
Jone Bastida Alzuru.
2026ko abuztuaren 26a
22:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realeko jokalariek irmo adierazi zuten «konbentzituta eta prest» zeudela Chelseari aurre egiteko. Txapeldunen Ligako atarikoan aritzeko gogoz zeuden txuri-urdinak, eta meritu handiko partida jokatu dute Plough Lane estadioan. Neurketaren zatirik handienean lehia estua izan dute Chelsearekin, baina, azkenerako, 5-2 galdu. Zigorra gehiegizkoa izan da. Azken ordu erdian ezinean aritu dira txuri-urdinak, eta hori ondo aprobetxatu du Chelseak. Asteazkenean jokatuko dute itzuliko partida, Zubietan.

Hasi, baina, ezin hobeto hasi du partida Realak, Ainhoa Marinek sekulako gola sartu baitu zazpigarren minutuan. Korner bateko aldaratzea jaso, eta area kanpotik jaurtiketa loratua egin du, zuzenean sarera. Atezainak ezin izan du ezer egin. Aulkian zeundenengana jo du Marinek, gola talde guztiak batera ospa zezan.

Gainera, markagailuan aurrea hartuta, konfiantza hartu dute txuri-urdinek. Chelseak kontraerasora jokatu ohi du, baina gaur Londresko taldeak izan du baloia, eta Realak ohi baino gehiago jokatu du luze. Defentsan lan ona egitea ezinbestekoa zen donostiarrentzat, eta horretan jarri dute arretarik handiena, erasoko jokoari uko egin gabe. Batez ere, kontraerasoan aritu da. 

Chelseak erritmoa bizitu du kolpea hartu ostean, eta, 12. minutuan, eskura izan du gola sartzea. Baltimorek area barrutik egindako jaurtiketa indartsuak langa jo du, txuri-urdinen zorionerako. Hala ere, donostiarrak ez dira kikildu, eta adoretuta segitu dute lanean. Txalotzekoa izan da jokalariek egin duten esfortzua. Atzean itxaron behar zenean, patxadaz egoteko gai izan dira, eta baloia lapurtzeko aukera zutenean, aurrera egin dute. Gogor borrokatu dira baloi guztiak eurenganatzeko, eta elkarri laguntzen aritu etengabe.

Ondo ari zen Reala, askorik sufritu gabe, baina Chelseak partida berdindu du 29. minutuan. Girmak kornerra atera du, eta, baloia, area txikian botea egin, eta sarera joan da, inork ukitu gabe. Hurrengo minutuan, Beever-Jonesek eskura izan du bigarrena, baina, atezainaren aurrean bakarrik zela, kanpora errematatu du.

Hortik aurrera, Reala ondo jarri da berriro ere zelaian, eta sendo eutsi dio Ingalaterrako taldeari. Sonia Bompatorrek zuzendutako taldea ez da eroso aritu lehen zatian. Realaren Youtube kanalean eman dute partida, eta, atsedenaldia gertu zela, hauxe entzun da: «Aupa, Reala, egundoko lana!». Halaxe izan da. Azkenean, bana joan dira aldageletara.

Ezin eutsi

Txuri-urdinek lan handia egin dute bigarren zatian ere, baina, pixkanaka, nekea sumatzen hasi dira jokalariak. Chelsea oldarkorrago itzuli da atsedenalditik. Bigarren zatiari ekin eta gutxira, gola sartu du etxeko taldeak, baina epaileak jokoz kanpokoa adierazi. Hurrengo aukeran, ordea, ez du huts egin, eta 54. minutuan aurrea hartu du markagailuan. Kornerra bikain errematatu du Buurmanek, buruz.

Bazirudien partida maldan gora jarriko zitzaiola Realari, baina, burua makurtu ez, eta azkar erantzun du: Cecilia Marcosek partida berdindu du 58. minutuan. Aurkariari izkin egin, eta zutoin ondora egin du jaurtiketa.

Oraindik ordu erdi falta zen partida amaitzeko, eta, azkenerako, luze egin zaio neurketa Realari. Hortik aurrerakoak albiste txarrak izan dira. Chelseak hirugarrena sartu du 67. minutuan, Cecilia Marcosek min hartu du segidan, eta etxeko taldeak laugarrena egin du 74. minutuan. Ez da azkena izan: 88. minutuan eman dio azken kolpea Realari, bosgarrena eginda.

Realak burumakur bukatu du partida, baina jokalariek, amaierara arte borroka egin, eta luzaz estutu dute aurkaria. Ia ezinezkoa dute Txapeldunen Ligako multzoen fasea jokatzea, baina zaleek atarikoaz gozatzeko aukera izango dute behintzat, irailaren 2an.

Chelsea-Reala

Chelsea. Hampton; Carpenter, Girma (Bronze, 65. min), Buurman, McCabe; James (Hamano, 76. min), Walsh, Nusken; Thompson, Baltimore (Kaptein, 55. min) eta Beever-Jones (Malard, 55. min).

Reala. Arrula; Camino, Aparicio, Florentino, Moraza; Campo (Laborde, 76. min), Cahynova, Fernandez; Arola Aparicio (Isasisasmendi, 91. min), Cecilia Marcos eta Marin (Nerea Eizagirre, 76. min).

Golak. 0-1: Marinek (7. min); 1-1: Girmak (29. min); 2-1: Buurmanek (54. min); 2-2: Ceciliak (58. min): 3-2: Malardek (67. min); 4-2: Lauren Jamesek (74. min); 5-2: Malardek (88. min).

ATHLETIC ETA OSASUNA ETXETIK KANPO ARIKO DIRA BIHAR

Athleticek eta Osasunak bihar jokatuko dute Espainiako Ligako lehen jardunaldiko partida. Biak ala biak etxetik kanpo ariko dira, baina alde handia dago baten aurkaria eta bestearena konparatuz: zuri-gorriek Bartzelona ahaltsuaren aurka jokatuko dute (21:00, DAZN); gorritxoak, berriz, Celtaren aurka ariko dira (20:30, Movistar La Liga). 

Athleticek eta Osasunak partida bat jokatua dute jada, etxean, eta ez bata ez bestea ez zen gai izan irabazteko. Bizkaitarrak aritu ziren okerren, 1-3 galdu baitzuten Sevillaren aurka. Osasuna hobeto aritu zen Levanteren aurka, baina hutsean berdindu zuen. Biek daukate helburu bera gaur: hobeto aritzea eta emaitza hobea lortzea. Athleticek dauka lanik zailena.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA