Yeray Alvarez: «Zigorra onartzen dut»

Hamar hilabeteko zigorra onartu duen arren, jokalariak jakinarazi du substantzia hori ez zuela hartu bere jarduna hobetzeko, ilea erortzea galarazteko baizik. Helegitea aurkeztu edo ez aztertzen ari dira abokatuak.

Yeray Alvarez gaurko agerraldian. LUIS TEJIDO / EFE
Yeray Alvarez gaurko agerraldian. LUIS TEJIDO / EFE
jon eskudero
2025eko irailaren 10a
17:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

UEFAk zigorra jakinarazi eta bi egunera eman ditu azalpenak Yeray Alvarez Athleticeko jokalariak, senide eta taldekideek babesturik, Biboko Carlton hotelean. Besteak beste, UEFAk herenegun plazaratu zuen sententzia: hamar hilabeterako zigortu zuen Yeray, ilea erortzea galarazteko sendagai bat hartu, eta sendagai hark zuen substantzia batekin dopin kontrolean positibo emateagatik. Bada, jokalariak adierazi du onartzen duela zigorra, nahiz eta UEFAk ere aitortu ez zela fede txarrez egina izan. «Lehen-lehenik, esan nahi dut substantzia hori ez nuela hartu nire jarduna hobetzeko, baizik eta ilea erortzea galarazteko. Hanka sartu nuen, eta barkamena eskatzen diot Athleticen inguru osoari. Zigorra onartzen dut, eta taldera ahalik eta ondoena itzultzeko lanean zentratuko naiz aurrerantzean». Zehazki, datorren urteko apirilaren 2an jokatu ahalko du berriz Yerayk Athleticekin, baina bi hilabete lehenago itzuli ahal izango da entrenamenduetara. Jokalariak adierazi du klubari jakinarazi diola bitartean ez duela soldatarik jasoko.
 
Yerayk kronologikoki eman du prozesuaren berri. Barrabiletako minbizia izan zueneko garaiak gogoratu ditu lehenbizi. «2016an kimioterapia tratamendua hartu nuen, eta onartu beharreko gauza zailenetako bat ilea galtzea izan zen. Minbiziaz geroztik, ilea ahulago daukat». Ondorioz, onkologoak tratamendu bat aholkatu zion. «Egunero pilula bat hartu behar nuen, eta esprai bat eman. Josean Lekue Athleticeko medikuari jakinarazi nion guztia, eta esan zidan ez zuela oztoporik ikusten. 2022an hasi nintzen tratamendu hori hartzen». Gaur egun ere horri eusten diola adierazi du jokalariak. 

Ordea, Manchester Uniteden aurka Europa ligako finalerdia jokatu baino astebete lehenago hanka sartu zuen. «Iazko abenduan Naia nire neska lagunak ere tratamendu hori hasi zuen. Eguneroko errutina zen guretzat pilula hori hartzea, baina kontua da ni pilula gabe geratu nintzela. Urduri samar jarri nintzen, egunerokoan ohikoa zen gauza bat ezin nuelako egin, eta Naiaren pilula bat hartu nuen. Nonbait, pilula hark zuen debekatutako substantzia». Entrenamendu baten ondoren jakinarazi zioten albistea Yerayri, eta mundua gainera etorri zitzaion. «Lekuek jakinarazi zidan odol analisietan positibo bat agertu zela. Ez nuen ezer ulertzen. Etxera joan eta sakelako telefonoan informazio bila hasi nintzen. Halako batean, alopeziari buruzko informazioa agertu zitzaidan, eta orduan lotu nituen hari guztiak». 

Kasua, abokatuen esku

Hilabete gogorrak bizitzea egokitu zaio Barakaldoko atzelariari. Maiatzaren 2an eman zuen positibo, eta gaia isilpean eduki beharra egin zaio zailena. «Lagunekin izan naiz oporretan, eta ezin izan diet ezer kontatu. Pentsa, amonak ere ez du ezer jakin, eta hori gogorra da. Beharra nuen azalpenak emateko, eta orain lasaiago nago. Kontzientzia garbi nuen, baina gertatutako guztia nire errua izan da, eta zigorra onartu beste aukerarik ez daukat». Hamar hilabeteko epea justua iruditzen zaio. «Gutxi gorabehera bagenekien zein neurritako zigorra ipiniko zidaten, eta onartzen dut. Ilusio berezia nuen Txapeldunen Ligan lehiatzeko, inoiz ez baitut aukerarik izan, eta amorrua sentitzen dut. Nire ibilbidean kolpe batzuk jaso ditut, eta beti egin dut aurrera».

Epeak epe, Yerayren abokatuak kasua aztertzen ari dira, eta baliteke helegitea aurkeztea. Oraindik ez dute erabakirik hartu horren inguruan. «Mentalki indartsu nago, okerrena pasatuta, eta fisikoki ere ahalik eta ondoen prestatzen ari naiz, apirilerako prest egoteko». Hain zuzen, Derio taldearekin ari da lanean, Iker Muniainen gidaritzapean, baina Athleticek ere gertuko jarraipena egiten dio. «Kluba bikain portatu da nirekin, eta nire erabakia izan da soldatarik ez jasotzea zigortuta nagoen bitartean». Taldekideek ere ez daukate ahaztuta. Ehunka mezu jaso ditu, baina Iñaki Williamsenak piztu dio ilusio gehien. «Zigorra jakinarazi zutenean, Williamsek esan zidan apirilaren bukaeran izango dela Espainiako Kopako finala, eta nik altxatuko dudala garaikurra». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.