Albert Miralles. Lagun Aro GBCko jokalaria

«Zorte txarraren ondorioz gaude zortzi onenetatik kanpo»

Manresa eta Badalonako partidak ditu gogoan: «Irabaziak genituen biak, baina galdu eta Kopako trena huts egin genuen». Unicaja eta Alacanten aurka galtzeak min egin duela aitortu du, eta 6,5 bat ematen dio taldeari: «Lehiakorrak izan gara partida guztietan».

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Astearte arratsaldea. Lagun Aroko jokalariak beroketa ariketak egiten ari dira. David Doblas eta Albert Miralles (Bartzelona, 1982) Jimmy Baroni adarra jotzen ari zaizkio, estatubatuarrak kontratu berriarekin irabaziko dituen sosak hizpide. 13 zenbakia duen botilatik trago luzea hartu du Mirallesek, galderei lasai-lasai erantzuten hasteko.

Bukatu da lehen itzulia. Zein da zure balantzea?

Ni baikorra naiz izatez, eta gauza baikorrak ikusten ditut. Nahiko zorte txarra izan dugu partida batzuetan, eta horrek utzi gaitu Kopan sartzeko borrokatik kanpo. Manresan eta Badalonan gurea zen garaipena, baina azken uneko bi saskiratzek buelta eman zioten markagailuari. Min handiagoa egin digute, dena den, Malagan eta etxean Alacanten aurka galdutako partidek, azken horrek batez ere. Irabazi beharrekoa zen, eta galdu egin genuen, eta halako krisi txikia eragin du.

Bakarren batek esango du zorte txarraren kontu hori aitzakia dela, hamazazpi partida ezin direla zorte txarraren arabera epaitu. Zer diozu?

Bada, errespetatu beharreko iritzia dela, baina horixe gertatu da, nik uste. Manresa eta Badalonan irabaziz gero, 9-8 izango zen balantzea, eta ez orain daukaguna, 7-10. Zer esan nahi du horrek? Bere garaian, 7-5 balantzearekin sailkapenean laugarren egon ginenean 9-5 izango zela gure marka. Ni ziur nago hiru jardunaldiren faltan balantze hori eduki izan bagenu Espainiako Kopa jokatuko genuela. Ziur.

7-10 balantzea, halere. Zer nota ematen diozu taldeari?

Nik 6,5 bat emango nioke. Ez da sekulako lehen itzulia izan, baina txar-txarra ere ez. Partida guztietan, edo ia guztietan, nor baino nor hobeto aritu gara. Madrilen izan ezik, partida guztietan izan dugu irabazteko aukera, eta horri bere garrantzia eman behar zaio. Bigarren itzulian antzera jarraitzen badugu, espero baino lehenago lortuko dugu mailari eusteko erronka.

Min ematen al du Kopa hain gertu eduki eta azkenean atarian geratuizanak? Hala gertatzen den bigarren aldia da, gainera: joan den sasoian eta oraingoan.

Bai, ematen du, bai. Batez ere oso gertu izan dugulako, eta kolpea hartzen duzu. Pertsona arruntak gara, eta jende guztiak sentitzen dituen emozioak sentitzen ditugu geuk ere.

Nola ematen zaio buelta egoera horri?

Bada, lehen itzulian gaizki egindakoei buelta emanda. Bigarren itzulia hasiko da igandean [bihar], eta gure helburuak zale denei pozteko motiboak ematea da. Pentsatzen dut haiek ere desilusio pixka bat hartuko zutela ezin izan garelako zortzi onenen artean sartu, baina tira: hamazazpi partida falta dira, eta oraindik zeresan handia emango dugula uste dut. Taldea hazten ari da, eta bidea pausoz pauso egitea komeni. Hamabi partida irabazi behar ditugu aurrena, ahalik eta azkarrena, eta gero gerokoak.

Fuenlabradaren aurkakoa final kutsuko partida al da zuentzat? Jarraian bost partida galdu dituzue.

Bai, izan liteke, bai. Horregatik eta Fuenlabrada aurkari zuzena delako. Garrantzitsua litzateke berriro etxean sendo egitea.

Zer hobetu beharko luke taldeak bigarren itzuliari begira? Beste modu batean esanda, zein izan da orain arteko hutsik larriena?

Defentsako lana aipatuko nuke. Halako gorabehera batzuk izan ditugu, eta hori errotik moztu behar dugu. Izango dira erasoan asmatzen ez dugun partida batzuk, eta hori gertatzen denean, partida aurrera ateratzeko modu bakarra dago: defentsan estutzea. Bigarren itzuliak beti izaten dira zailagoak: aurkariek hobeto ezagutzen zaituzte; zure erasoko sistemak ez dira hain eraginkorrak, eta zure saskia hobeto babestu baino erremedio hoberik ez dago, partidak irabazteko.

Eta zer ondo egin eta mantendu beharreko kontua?

Ziur asko, etsipenari ateak ixtea. ACB liga munduko liga indartsuenetan bigarrena da, eta bolada txarrean egonagatik, ezin dugu amore eman, etsi, eta ezkortasunean murgildu. Giza talde bikaina dugu; familia baten modukoak gara, eta hori oso garran- tzitsua dela esango nuke. Norbait aldi txarren bat pasatzen ari bada, taldekidearen laguntza jasotzen du, eta eskertzekoa da hori.

Zer egin duzu ondo zuk lehen itzulian?

Agindu didatena egiten txukun aritu naizela esango nuke. Ni ez naiz partidako hogei puntu sartuko dituen jokalari bat. Beste ezaugarri batzuk ditut: defentsa, errebotea, blokeoak... Bizitasun handiz jokatzea gustatzen zait, eta taldekideak bizitasun horrekin kutsatu. Hitz bakarrean esanda, taldeak behar duen arloetan laguntzea da nire eginbeharra. Talentuz sobran ez gabiltzanok beste dohain batzuk erabili behar ditugu, eta nirea laguntzea da. Arlo batean edo bestean, baina laguntzea.

Talentua sobran ez duzula aitortu duzu. Zertan hobetu behar duzu zure jarduna?

Gauza askotan. Kontu taktikoetan, aurren-aurrena. Esan nahi dut: unean-unean hartzen diren erabakiak hobeto hartzea. Eraso jokoan zuzenak ez diren erabakia batzuk hartu ditut batzuetan: egin behar ez nuen buruz buruko jokaldi bat, galdutako baloiren bat edo antzeko zerbait. Ez da buruko mina ematen didan kontu bat. Alor horretako hobekuntza berez etorriko da, taldearen hobekuntzarekin batera.

Zazpi puntu eta beste hainbeste errebote,batez beste lehen itzulian. Kontent?

Bai, gustura nago. Tira: nahiago nuke hogei puntu eta hamar errebote lortu, baina hori ezinezkoa da, eta konforme nago. Erreboteak hartzea da nire lehentasuna, eta zazpi errebote partidako, kopuru ona da.

Fuenlabrada Esteban Batista gabe etorriko da Donostiara. Lasaitasuna ematen al dizu horrek?

Nahi nuke hori sentitu, baina haien emaitzek erakusten dute ez dutela askorik nabaritu Batistaren hutsunea. Valladolidi irabazteko zorian egon ziren etxean, eta Real Madrilen aurka ere azken unean galdu zuten. Salva Guardiak jokatzen du orain hasieratik. Batista eta bera oso jokalari ezberdinak dira, baina ez pentsa Guardia arriskutsua ez denik. Kanpoko lerrotik jokatzen du, eta ondo moldatzen da hirukoetan.

Luzera begiratzea komeni al da? Alegia, Cajasol Sevillan, eta Menorca etxean, hurrengo bi partidak.

Nire ustez, nahiko lan badugu Fuenlabradarekin, eta errenkadan galdutako bost partidei buelta ematen. Fuenlabrada bakarrik dugu buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.