Futbola. Europako Ligako finala: Atletico Madril-Athletic

Zu niretzat, eta ni zuretzat

Athleticeko 13.000 zalek bat egin dute gune berezian, eta jai giroan igaro dituzte partida aurreko momentuak. Hain momentu historikoa ezin dela galdu uste dute denek, eta ikusi egin behar dela bertako festa sinesteko.

jon eskudero
Bukarest
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Athleticen gune erraldoian, zuri-gorriak nagusi. Bukaresteko alde zaharrean, zuri-gorriak nagusi. Taberna barruetan ere, kolore zuri-gorria nagusi. Lurraldeko telebista kate nagusian, zuri-gorriak nagusi. Noski, Athleticeko zuri-gorriak. A zer nolako itxura zeukana atzo Bukarestek partida hasi aurretik. Athleticeko zaleek kolorez jantzi zuten hiriburua, eta dena zuri-gorriz josteko zerura iristea bakarrik falta izan zitzaien. Euskaldun giro aparta ezarri zuten Bilbotik gerturatutako 13.000 lagunek, eta hango herritarrak ere harriturik utzi zituzten. «Urte mordoa daramat Bukaresten bizitzen, baina inoiz ez nuen hain jende erorik ikusi. Eromena ekarri dute hirira, eta umorea ere bai. Guk pozik hartu ditugu», zioen taxilari batek. Ez zuen arrazoirik falta. Bilbotarrek zeukatena eta gehiago eman zuten.

Athleticen eta zaleen lotura sentimendua da. Maitasuna. Hitz potoloa da hori, zalantzarik gabe. Maitasunagatik edozer gauza egiten da; zale zuri-gorriei erreparatu besterik ez dago: «Lanean jai hartu eta partida ikusi asmoz etorri naiz. Bilerak eta hitzorduak bertan behera utzi behar izan ditut, baina historia egiteko egun batek ez dauka preziorik». Karlos Adaria zale sutsua da, Ibon Garmendia bezalaxe: «Nire zazpigarren bidaia da Bukarestekoa, gustatzen baitzait tokietara joatea. Orain, gozatzeko momentuan, leku guztietan derrigorrez egon behar da». Bistan denez, Athletic eta zaleak bata bestearentzako eginak daude. Pentsaera garbia da: zu niretzat, eta ni zuretzat.

Egunak 24 ordu ditu. Baita Errumanian ere. Baina atzo istant batean pasa izango zitzaien denbora bilbotarrei. Izan ere, eguna ekitaldiz beterik egon zen, eta izan zen zer ikusia eta zer gozatua. Goizeko hamarretan hasita, Errumaniako dantza eta musika entzun ahal izan zen, eta euskal kulturarekin ere akordatu ziren. Athleticeko ereserkiak ez ezik, Ikusi mendizaleak kantuak ere jo zuen: «Kantu hori entzutean oilo ipurdia jartzen zait. Athleticzalea naiz betidanik, baina abesti horrekin are athleticzaleago bihurtzen naiz», zioen Jon Etxeberriak. Eta egia da: bilbotarrek lepo bete zuten guztia. Momentu batean, Bukarestek Bilboren itxura ere hartu zuen.

Athleticen guneak Errumaniako parlamentuaren aurrean hartu zuen leku, baina bizkaitarrek alde zaharraren aldeko hautua egin zuten lehendabizi. Bertan egon ziren gehienak eguerdi partera arte. Kale estuetan barrena kantuak eta oihuak nagusitu ziren, eta negozio bikaina egin zien bertako tabernei. Gutxitan bezalako jendetza hartu zutela aitortu zuen bertako tabernari batek: «Hau ikaragarria da. Athleticeko zaleek asko edaten dute, eta gu gustura gaude. Bagenuen euren berri, eta ongi prestatu genituen tabernak bi egun aurretik». Kaleetan ez ezik, gunean ere izan zen edatekoa eta jatekoa. Oilasko errea egin zuten zaleentzat.

«Janaria ez da Euskal Herrian bezain ona, baina tira, jateko modukoa bada. Antolakuntza aldetik ez dago arazorik, eta segurtasun neurriak ere egokiak dira». Halaxe iritzi zion Patxi Etxaidek, eta ez zuen arrazoirik falta, polizia nonahi aurki zitekeen. Baina guneari erreparatuta, bi futbol zelai txiki ere ipini zituen antolakuntzak. Akaso, jandako guztia jaisteko asmoa izango zuten.

Gune erraldoian hara eta hona eman zuten arratsaldea bilbotarrek, eta seiak inguruan Estadio Nazional zelairako bidea hartu zuten, autobusetan. Eromena sortu zen, eta askok taxiaren arteko hautua egin zuten. Gauza bitxirik ere ikusi ahal izan zen artean. Beroa aitzakia hartuta, eta autobusaren zain pazientzia bukatu ondoren, hiriko putzu handi batera egin zuen salto zale zuri-gorri batek. Erabat bustita geratu zen, eta ateratakoan ohartu zen sakelako telefonoa galtzetan zeukala. Tira, Europako Ligako final batek hori eta gehiago merezi zuela esan zuen uretatik irten zirenean.

Aurpegi ezagunak ere bai

Jende andana bildu zen, esan beharrik ez dago, baina artean aurpegi ezagunak ere ikusi ahal izan ziren. Eta kirolariak, gainera. Pablo Berasaluze eta Ibai Zabala Asegarceko pilotariek asko maite omen dute Bilboko taldea, eta nahi duten neurketa guztietara joaterik izaten ez duten arren, Bukaresten hutsik ezin zutela egin aitortu zuten. Berasaluzeren arabera, historikoa izan da taldearen ibilbidea: «Izugarria da Athletic egiten ari dena. Bukaresteko giroa ere ikusi egin behar da sinesteko. Gaurkoan merezi izan du pilotaz apur bat ahaztu eta taldeaz gozatzea». Zabalak ere ez zioen aurkakorik: «Ezin da hitzez azaldu bizitzen ari garena. Halako momentuetan harro esan daiteke Athleticeko zaleak garela».

Bada, Bilboko zaleak ez ezik, Atletico Madrilekoak ere ugari izan ziren. David Suarezek zera nabarmendu zuen, bi taldeak direla oso onak: Athleticen berri ongi dakigu, eta ederra da egiten ari den jokoa. Hori bai, nik nire defendatu behar dut, eta Atletico Madril hobea da oraindik». Dena den, Bilboko taldearen onena iristeke dago, Jesus Ramirezen ustez: «Bielsa lortzen ari dena latza da, ikaragarria, baina nik uste dut talde honek asko daukala oraindik emateko eta erakusteko. Jokalariak gazteak dira, eta etorkizun oparoa dute».

Kantu batek halaxe dio: lortzen ari garena, lortuko duguna. Pentsaera hori erakutsi zuten zale zuri-gorri askok, baina biharko uztea ez da komeni gaur bizi daitekeena. Bada, halaxe egin zuten zaleek, eta bete-betean gozatu zuten. Hasi goizetik, eta gorputzak bale esan arte. Bukaresten gauza bat garbi geratu bazen, Athleticek zale bikainak dituela geratu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.