Asteburuan jokatutako bigarren jardunaldiak nahiko argi utzi ditu kontuak Binakako Txapelketan. Bengoetxea VI.a-Untoria finalean dira. Berasaluze II.a-Zubietak Artola-Albisuri irabaztea behar zuten, eta horixe gertatu zen: 22-15 nagusitu ziren aurrenak. Garaipen horrek, gainera, aukerarik gabe utzi ditu Artola-Albisu. Beraz, finalerako txartel bat dago jokoan, eta bi dira hautagaiak: Berasaluze II.a-Zubieta eta Ezkurdia-Zabaleta. Kontuak sinpleagoak izan daitezen, bi bikote horiek aurrez aurre izango dira igande honetan, Eibarren. Bezperan, berriz, Bengoetxea VI.a-Untoria eta Artola-Albisu ariko dira.
Neurketa erabakigarri horren harira, ordea, bada saltsa. Zubietak mina du ezker eskuan, eta atzerapena eskatu du. Enpresek ez dute onartu eskaera, arrazoituta araudiak dioela ez dela atzerapenik egongo. Iaz, ordea, araudi berarekin atzerapena onartu zioten Juan Martinez de Irujori.
Zubietak atzerapena eskatu du, baina enpresek ez dute aintzat hartu eskaera
Aldaketarik egon ezean, igande honetan jokatuko dute Berasaluze II.a-Zubietak eta Ezkurdia-Zabaletak partida erabakigarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu