Futbola

Zubimendik Reala utzi du, eta Arsenalen ariko da

Ingalaterrako klubak 70 milioi euro inguru ordainduko dizkio talde txuri-urdinari. Jokalari donostiarrak ezetz esan die iraganean egin dizkioten hainbat eskaintzari, baina, oraingoan, baiezkoa eman du. Zazpi urtez aritu da Realaren lehen taldean.

Martin Zubimendi. JON URBE / FOKU
Martin Zubimendi, denboraldi honetan PAOK Tesalonikaren aurka jokatutako partidan. JON URBE / FOKU
2025eko uztailaren 6a
13:06
Entzun 00:00:0000:00:00

Bazihoala, bazihoala, eta joan egin da azkenean. Martin Zubimendik (Donostia, 1999) Reala utzi du, Donostiako klubean hamabost urtez jokatu eta gero, azkeneko zazpiak lehen taldean. Hainbat eskaintza jaso ditu azken urteetan, horien artean iaz Liverpoolek egin ziona. Ezetz esan zien guztiei, eta etxeko taldean jokatzen jarraitzea erabaki. Aurten, ordea, erdilariak bere kirol ibilbidean beste urrats bat egin nahi izan du, eta Arsenalen ariko da, Ingalaterrako Premier League txapelketan. Londresko taldeak 70 milioi euro inguru ordainduko dizkio Realari Zubimendi fitxatzearen truke. 60 milioi euroko etete klausula zuen erdilari donostiarrak, baina Arsenalek diru gehiago ordainduko dio talde txuri-urdinari. Jokalariak esker oneko hitzak izan ditu eta erabakia hartzearen zailtasuna nabarmendu du: «Ez da batere erraza izan. Realean jokatu izanaz oso harro nago, beti izango naiz txuri-urdina»

Zubimendi Realaren harrobian hazi zen. 12 urte zituela iritsi zen Zubietara, eta, azpiko mailetatik igaro eta gero, 2016an, bigarren taldean jokatzen hasi zen: Reala B-n. Imanol Alguacil zen bere entrenatzailea. Hain zuzen, entrenatzaile oriotarrarekin egin zuen debuta lehen taldean, 2019ko apirilean, Anoetan, Getaferen aurka.

Koronabirusaren pandemiaren geldialdiaren ondoren, gehiago jokatzen hasi zen lehen taldean, eta 2020-2021eko denboraldian erabat sendotu zen Realaren euskarri postuan. Horren erakusle da Realak Athletici irabazitako Espainiako Kopako finalean hasieratik jokatu zuela.

Zubimendi funtsezko jokalaria izan da azken denboraldietan: ia neurketa guztiak jokatu ditu. Imanolen konfiantza guztia izan du, eta Realaren azken aroko jokalari garrantzitsuenetako bat izan da. Denera, 236 partida jokatu ditu Realaren lehen taldearekin; azken lau urteetan jokatu ditu gehienak. Hamar gol sartu ditu, eta goleko zortzi pase eman. Azken denboraldian 48 partida jokatu zituen, eta bi gol sartu.

Sekulako gorakada izan du Realean, eta, horri esker, euskarri onenetako bat bilakatu da. Txapeldunen Ligan, bi aldiz eman diote partidako jokalari onenaren saria. Espainiako selekzioarekin ere nabarmendu da nazioarteko txapelketetan. 2024ko Eurokopako finalean Rodri ordezkatu zuen atsedenaldiaren ondoren, eta gauza oso zaila lortu zuen: ez nabaritzea haren hutsunea. Haren lana erabakigarria izan zen Espainia txapeldun izan zedin. Manchester Cityko jokalaria min hartuta dagoenetik, donostiarrak izan du lema Espainiako selekzioan, eta golak ere sartu ditu: aurtengo Nazioen Ligako finalean bat sartu zuen.

Aurrerantzean Arsenalen jokatuko du, beste donostiar baten aginduetara: Mikel Arteta da Londresko taldearen entrenatzailea. Arsenal bigarren izan da ligan hiru urtez jarraian, eta aurten Txapeldunen Ligako finalerdiak jokatu zituen. Taldean, bi taldekide ohirekin ariko da berriro: Mikel Merinorekin eta Martin Odegaardekin. Nafarrak Zubimendik orain egin duen bide bera egin zuen iaz: Arsenalek 35 milioi euro pasatxo ordaindu zizkion Realari. Norvegiarra, berriz, Real Madriletik fitxatu zuen Arsenalek 2021eko neguan. Aurreko denboraldian utzita aritu zen Realean, bikain aritu ere. Beraz, 2020-2021eko denboraldian Realaren zelai erdian aritu ziren hiru jokalariek egingo dute bat Arsenalen. Beste euskal futbolari bat ere badago taldean: Kepa Arrizabalaga atezain ondarroarra. Arsenalek Chelseatik fitxatu berri du. 

Realak Alexander Isakengatik bakarrik jaso du Zubimendirengatik jasoko duen bezainbeste diru: 2022ko udan, Newcastlek 70 milioi euro inguru ordaindu zizkion talde txuri-urdinari aurrelari suediarra fitxatzeko.

Harrobiko beste bi jokalarik beteko dute Zubimendik utziko duen hutsunea: Urko Gonzalez de Zaratek eta Jon Gorrotxategik. Lehena utzita aritu da Espanyolen denboraldi erdiz. Bigarrenak, berriz, Mirandesen jokatu du denboraldi osoan. Hura ere utzita aritu da. Imanolek gutxitan zelairatu zuen Gonzalez de Zarate Zubimendiren ordez, baina Sergio Franciscorekin gehiago jokatzeko aukera izatea espero du. Realaren entrenatzaile berriak oso ondo ezagutzen ditu biak ala biak, haren aginduetara aritu baitira Reala B-n.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.