Getaria-Tolosa edo Galizia, beste konturik ez zen emakumezkoen Kontxako Banderaren atarian. Denboraldiko emaitzak ikusita, inor gutxik espero zuen Zumaiak aurrea hartzea bi faboritoei, baina lehen kolpea zumaiarrek jo zuten. Beste bien aurretik dira orain, eta lau segundo jan beharko dizkie Galiziak bandera irabazteko; bat gehiago, bost, Getaria-Tolosak. Txikiak dira tarteak, eta datorren igandean erabakiko da zeinek lortzen duen denboraldiko estropada preziatuena.
Haizea lehen kolpeak ematen hasi zenean jokatu zuten emakumezkoek. Laugarren kalearen babesa zeukan Zumaiak, baina hasi ez zen ondo hasi. Enbata traineruaren muturra estriborrera begira zeukala ekin zion lehiari, eta pare bat segundo atzetik berehala jarri zen. Aurretik zeuzkan bi faboritoak. Baina azkar hartu zien aurre, eta uhartean estropadaren buruan zen. Brankaz ondo joaten dira zumaiarrak, eta igandean erakutsi zuten. Arraunean luzea eginez, erritmorik galdu gabe, trainerua gozo eramaten dute. Haizeak ez zien hainbeste oztopo sortzen, eta eroso antzean joan ziren ziabogara arte. Bospasei segundoren tartea ere hartu zuten, eta ziabogan, laura zeukan Getaria-Tolosa, eta seira Galizia. Bizkaia urruti zetorren; batere aukerarik gabe, espero zen bezala. Buelta hartu eta gero, hamar segundora ere handitu zen zumaiarren aldeko tartea, olaturen bat hartu zutelako. Baina berehala jarri ziren lehengo lekuan zenbakiak.
Galizia eta Getaria-Tolosa ari ziren olatuak hartzen, baina Zumaiak ere hartzen zituen. Horrenbestez, muturrean segitzen zuten zumaiarrek. Uharte parera heltzean, traineru pasakoa zen tartea, eta oker handirik ezean, bazuen garailea lehen igandeko estropadak. Halaxe izan zen, eta azken txanpan bi faboritoen ahalegin handiari bikain eutsiz, ezustea eman zuen Zumaiak.
Pozarren zeuden garaileak. Beraiek ere ez zuten espero halako emaitzarik. Orain, kolpetik bezalaxe, Kontxako Bandera irabazteko aukera parez pare ireki zaie. Datorren igandean, ez da bi faboritoez bakarrik hitz egingo; Zumaia ere Galizia eta Getaria-Tolosaren pare jarriko du arraun munduak. Gero zer gertatuko den ezin da jakin, baina aldea jan behar diotenak besteak dira. Igandekoa aintzat hartuta, zuhurtasuna nagusituko da pronostikoak egitean. Gauza bat argi dago: hiruretako edozeinek irabazten duela, inor ez du harrituko emaitzak.
Arrauna. Kontxako Bandera
Zumaiak jo du aurreneko kolpea, eta ezustea eman
Lau segundo ateratzen dizkiote zumaiarrek Galiziari, eta bost Getaria-Tolosari, azken jardunaldia falta dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu