Nahiz eta abendura arte astelehen gauetan Goenkale ikusi ahalko den, ETBko Miramongo egoitzan eta Pausoka ekoizpen etxearentzat egun berezia izan zen astelehenekoa. Telesailaren azkeneko atala grabatu baitzuten: 3.706. atala. Goenkale-ren ordezko saioak prestatzen hasia da, ordea, ETB: 1950eko hamarkadan girotutako drama bat eta umorezko telesail bat. Zaila izango da edozein saiorentzat Goenkale-ren 21 urteak errepikatzea.
Behin telesailaren azken atala grabatuta, Pausoka ekoizpen etxeak kontratatu zituen hainbat langile langabezian gelditu dira. Azkeneko denboraldian Pausokarentzat 70 langile inguru ari ziren lanean, eta horietatik %80 inguru geldituko dira lanik gabe. ETBko beste 30 langile aritu dira Goenkale-rako, baina horiek lan finkoa dute telebistan.
Arraldeko argiak itzali dira. Dekoratuak datozen egunetan desmuntatuko dituzte, desmuntatu eta gorde. Izan ere, Miramongo egoitzako iturriek azaldu dutenez, dekoratu batzuk «berrerabiltzeko modukoak» dira. Horrenbestez, telesail edo saio berrietan «aprobetxatzeko» aukera izan dezakete.
Telesailaren ikusle datuak jaitsi egin dira azkeneko asteetan. Pausokatik aitortu dute ez doazela nahiko luketen bezain ondo. Baina abendura bitartean datuek gora egingo balute, Goenkale-k jarraitzeko aukera ez dute erabat baztertu nahi Pausokan.
Dena den, ETBk berak ohar batean iragarri du azkeneko atala izan zela astelehenean grabatu zutena. Fikzioko beste saioekin ia inoiz ez du ETBk halakorik iragarri.
Bi telesail berri, Miramonen
Azkeneko urteetan Goenkale grabatu duten Miramongo platoak mila metro karratu ditu. Dekoratuak desmuntatu eta gero, bolada labur batean baino ez da izango hutsik. Izan ere, Pausoka ekoizpen etxeak berak telesail berri bat grabatuko du leku berean. 1950eko hamarkadan girotutako telesail bat izango da, eta 36ko gerraren ostean desagertu ziren haurrekin izango du zerikusia. Hamar astetan grabatuko dituzte telesail dramatikoaren lehen hamahiru atalak, uda amaitu baino lehen. Pausokan gidoietan ari dira lanean buru-belarri.
Uda partean, berriz, beste telesail berri bat grabatuko dute Miramonen ETB1erako. Bigarren telesail hori umorezkoa izango da. Hainbat ekoizpen etxerekin hitz egin du ETBko zuzendaritzak, eta datozen asteetan jakingo da zer proiektuk egiten duen aurrera.
Aipatutako bi telesailen estreinaldia 2016ko urtarrilean egingo du ETBk, Goenkale-ren emanaldiak bukatu eta gero. Ikusle datu hoberenak lortzen dituen ekoizpenak, hain zuzen, aukera izango du denboraldi gehiago egiteko.
1950eko hamarkadan girotutako drama bat 'Goenkale'-ren ordez
Umorezko telesail bat ere grabatuko du ETBk.Urtarrilean estreinatuko dituzte bi telesail berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu