Adimen artifizialarekin egindako fikzio lan bertikalak ugarituz doaz

Cannesko Mipcom azokan 104 herrialdetako 10.000 profesional baino gehiago elkartu dira. Herrialde askotan adimen artifiziala erabiltzen ari dira saio bertikal laburrak sortzeko.

'Basque Audiovisual' erakusmahaia Cannesko Mipcom azokan. EITB
'Basque Audiovisual' erakusmahaia Cannesko Mipcom azokan. EITB
urtzi urkizu
2026ko urriaren 19a
10:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Telebistaren eta ikus-entzunezkoen sektoreko nazioarteko azokarik garrantzitsuenetakoa da Cannesko (Okzitania) Mipcom, eta joan den astean ehun herrialdetako 10.000 profesional inguru joan ziren Kosta Urdineko hiri horretara. Joera agerikoen artean, adimen artifizialak sortutako eduki bertikalen gorakada nabarmendu dute. Hainbat hitzalditan, adituek azaldu zuten adimen artifiziala mikrodrama edo fikzio lan bertikal laburren eremua bereganatzen ari dela. Reel Short eta Drama Box nazioarteko plataformak, kasurako, adimen artifizialarekin ari dira lan bertikal guztiak ekoizten.

Kostuak eta aurrekontuak dira joera hori ulertzeko gakoetako bat: adimen artifizialarekin egindako ekoizpen bertikal bat lau aldiz gutxiago kostatzen da ekonomikoki. Hori gutxi balitz bezala, lau egunez egin dezakete halako fikzio lan labur baten preprodukzioa hasten denetik argitaratzen den arteko bidea. 

Jaialdian agerian gelditu denez, produkzioan sona duten herrialde guztietan ari dira enpresa batzuk mikrodramak adimen artifizialarekin sortzen. Edonola ere, jaialdiko parte hartzaile askoren galdera erantzun gabe gelditu da: «Benetan dirua egin al daiteke mota horretako edukiak sortuz eta banatuz?».

Formatu berrien beherakada

Mipcom azokaren barnean, Fresh TV izeneko ekitaldia egiten dute, eta boladan diren telebista formatuak erakusten dituzte hartan. Ondorioztatu dute 2013-2014ko denboralditik gaur arte telebista formatu berrien estreinaldiek %62 egin dutela behera. 

Fremantle ekoiztetxearen Stacks of Cash izan da formatu berrietan esanguratsuenetako bat. Lehiaketa handi bat da, non kultura orokorreko galderak, arrisku fisikoa duten probak eta erronka gogorrak uztartzen dituzten. Portugalen estreinatu zuten, eta AEBetan eta Australian interesa azaldu dute formatua erosteko.

Danimarkatik, sukaldaritza lehia ikusgarri baten formatua eraman dute azokara. Baita pertsonaia ospetsuen galdetegi bat ere. Herbehereetan, Love Under Construction formatua sortu dute, non «etxe baten berritzea eta maitasun harreman berriak» nahasten diren. Belgikatik, berriz, The Surgery eraman dute, factual format generoko ekoizpen bat, medikuei buruzkoa: pertsona ospetsuek gaixo batzuek zer bizi duten ikusiko dute bertatik bertara, zirujauekin parez pare.

'Basque Audiovisual' mahaia

Azkeneko urteetan bezala, Euskal Herriko hainbat ekoiztetxek eta EITBk Basque Audiovisual izeneko erakusmahaia izan dute babesleku azokan. Gune horretan, ekoizleek aukera izan dute beste herrialde batzuetako erosle eta banatzaileekin bilerak egiteko. EITBk topaketa bat ere egin zuen urriaren 13an, eta telebista eta ekoiztetxe ugaritako ordezkariak gonbidatu zituzten. EITBk han adierazi zuenez, Cannesko azokak aukera eman die hala talde publikoari nola euskal enpresei nazioarteko presentzia indartzeko, bai eta sektoreko profesionalekin eta enpresa nagusiekin harremanak sendotzeko ere.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA