Adimen artifizialaren bueltako thriller psikologiko bat

EITBren Guau plataformak 'Test' soinu fikzioa estreinatu du. Sei atalak entzungai daude jada. Ramon Agirrek, Joseba Apaolazak eta Lorea Intxaustik jarri diete ahotsa hiru pertsonaia nagusiei.

Guau plataformak 'Test' audio fikzio berria aurkeztu du gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Guau plataformak 'Test' audio fikzio berria aurkeztu du gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
urtzi urkizu
2026ko otsailaren 2a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Istripu baten ondorioz, hamazazpi herritar hil dira, haietako lau adin txikikoak. Task multinazionalak garatutako adimen artifizial aurreratu bat egon daiteke gertatutakoaren atzean, eta, agian, ez da istripua izan. Adimen artifizialak bere buruaren kontzientzia hartu eta bere kasa jokatu duen jakiteko itaunketa bat hasiko du aditu batek. Hori da istorioaren abiapuntua. «Hau ez da test huts bat», ohartaraziko du Joseba Apaolazaren ahotsak. Elkarrizketan ari dira, bestetik, Ramon Agirre eta Lorea Intxausti. Thriller psikologiko murgiltzailetzat jo du EITBk Guau plataformaren soinu fikzio berriena. Gaur estreinatu ditu plataformak Test fikzioaren sei atalak (15-25 minutu arteko iraupena dute).

Donostian aurkeztu dute gaur goizean Test, EHUko Informatika fakultateko Ada Lovelace aretoan. Itziar Alduntzin Euskadi Irratiko esatariak egin ditu ekitaldiko aurkezle lanak, eta aipatu du adimen artifizialak gidatzen duen autobus bat dela istorioaren ardatz nagusietako bat. Istripua nahita ala nahi gabe gertatu den deskubritu nahiko dute fikzioko protagonistek.

Xabier eta Martin Etxeberria dira fikzioaren gidoilariak. Azken horrek aipatu du Txileko Caja 63 podcasta hartu dutela erreferentziatzat. «Jende gutxi leku txiki batean, hor kokatu dugu istorioa. Hori gidoia idazteko garaian erronka bat izan da». Xabier Etxeberriak aipatu du amuren bat jarri behar izaten dela halako fikzioetan. «Odolak ondo funtzionatzen du beti; istorioak hildakoak jarri ditu mahai gainean. Adimen artifizialaren inguruan planteatzen den kezka, bestalde, egunerokoan izaten dute herritarrek». Manipulazio eta kontrol joko konplexu bihurtzen da fikzioan egiten den testa, eta, hala, etengabe zalantzan jartzen du entzulea. Etxeberria anaiek beste soinu fikzio batzuen gidoiak idatzi izan dituzte Ulu Mediarako.

Test-en zuzendaria, berriz, Oier Aranzabal da. Azaldu duenez, gizakiaren eta adimen artifizialaren arteko bereizketarekin ere jokatu dute. «Adimen artifiziala kezkatzen gaituzten gaietako bat da. Batzuetan zaila da sareetan ikusten diren irudiak adimen artifizialak ala gizakiak sortuak diren bereiztea. Gero eta lausoagoa da gizakiaren eta adimen artifizialaren arteko muga hori». Artxipelagoa eta Holobiontea fikzio handiagoak zirela aipatu dio Alduntzinek. «Baina, bere sinplean ere, hau handia da», erantzun du Aranzabalek.

Amoranteren musika

Lorea Intxaustik ingeniaritza informatikoa ikasi zuen, baina ez du alor horretan lan egin. Aktorea da, eta aitortu du egunerokoan noizbehinka adimen artifiziala erabiltzen duela. Ez hainbeste Apaolazak, baina azaldu du Test fikzioak gaiaz pentsarazi egin diola. Ez da izan haientzat lehen soinu fikzioa, baina, hala ere, eremu berritzat jo dute. Aktoreek azaldu dute adimen artifizialaren giza ahotsean lan egin dutela, «marra fin hori topatzeko asmoz».

Anartz Zuazua izan da fikzioko aktore zuzendaria. «Hemen jokoa zen hasieran entzuleak ez jakitea zein den gizakia eta zein adimen artifiziala». Iragarri duenez, Agirreren eta Intxaustiren ahotsak elkarrizketan daude, eta bere aldetik bakarrik doa Apaolazarena, Buruzagiaren pertsonaian. Zuazuaren lana nabarmendu dute gidoilariek.

Iban Urizar Amorante-k sortu du musika. «Lan hau egitea gozoki bat izan da. Erronka izan da, eta soinu ez-organikoak erabili ditut. Tentsioa sortzen saiatu naiz, osagai gutxi erabiliz».

Guau plataformak audio fikzio berria estreinatu du: 'Test'.
Joseba Apaolaza eta Lorea Intxausti aktoreak, Maite Goñi EITB Mediako Irrati eta Audio zuzendaria eta Borja Calvo informatika fakultateko dekanordea, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Grabaketak eta nahasketak Ulu Media ekoiztetxearen estudioetan egin dituzte, Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Arte zuzendaritza Alain Urrutiak egin du.

Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariak nabarmendu du soinu fikzioena EITBren ildo estrategikoetako bat dela. «Euskara jarri nahi dugu hizkuntza hegemonikoen pare. Soinu fikzioak potentzialtasun handia du, eta bide horretan jarraituko dugu». Goñik azaldu du Guau plataforman 12-13 soinu fikzio daudela entzungai. Aranzabalek aipatu du epe laburrean Ulu Mediaren beste soinu fikzioren bat ere iritsiko dela. Goñik esan duenez, Audiogile Berriak egitasmoari esker, soinu fikzio gehiago ere ekoitziko dituzte.

Informatikako ekitaldi aretoa ia-ia beteta egon da. Eta amaieran, Borja Calvo fakultateko dekanordeak parte hartu du. Berriki 50 urte bete ditu EHUko Informatika fakultateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.