Abian da Tokikom Liga Egunean Behin jokoan

Sakelako telefonoetarako jokoak 21. denboraldia hasi du gaur. Hamar hedabidek parte hartuko dute Tokikom Liga berrian.

Egunean Behin jokoaren final bat Azpeitian (Gipuzkoan), 2019an. GORKA RUBIO / FOKU
Egunean Behin jokoaren final bat Azpeitian (Gipuzkoan), 2019an. GORKA RUBIO / FOKU
urtzi urkizu
2026ko maiatzaren 11
09:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ohiko atseden tartea egin du Codesyntax enpresaren Egunean Behin sakelako telefonoetarako jokoak, eta gaur hasi du 21. denboraldia. Uztailaren 12ra arte iraungo du denboraldiak. Berrikuntzen artean, Tokikom Liga nabarmendu behar da.

Tokikom Liga ez da banakako lehia izango, eta eskualdeetako ordezkarien puntuaketak izango ditu kontuan. «Eskualde eta hedabide bakoitzaren inguruko lehia sustatzeko, sariak ere izango dira», iragarri du Codesyntaxek.

Honako hedabide eta eskualde hauek parte hartuko dute Tokikom Ligan: Guka (Urola Kosta, Gipuzkoa), Anboto (Durangaldea, Bizkaia), Goiena (Debagoiena, Gipuzkoa), Aiurri (Beterri-Buruntza, Gipuzkoa), Barrena (Debabarrena, Gipuzkoa), Arabako Alea (Arabako jokalari guztiei irekia), GITB (Goierri, Gipuzkoa), 28 Kanala telebista (Tolosaldea, Gipuzkoa), Hiruka (Uribe Kosta, Bizkaia) eta Guaixe (Sakana, Nafarroa).

Liga horretan parte hartzeko, erabiltzaile bakoitzak bere profila osatu egin beharko du: parte hartzeko gogoa adierazi, eta sustapenean parte hartzeko baldintzak onartu —Tokikom eta hedabide bakoitza sustapenerako harremanetan jarri ahal izatea, funtsean—. Antolatzaileek azaldu dute Egunean Behin-eko jokalari guztiei dagoela irekia parte hartzeko aukera. «Baina profila espezifikoki betetzea ezinbestekoa izango da, eta hamar taldeen artean bat bakarra aukeratzea ere bai». Ezingo baita bi taldetan parte hartu.

Tokikom Ligako talde batean sartzeko, profileko ezarpenetatik, aplikazioaren goiko menuan ezkerrean abatarrean klikatu, eta hor dago sartzeko aukera. Bederatzi aste iraungo du lehiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA