Aimar Bretos Donostiako kazetaria gaur hasiko da La Sextan

Espainiako kate pribatuak asteazkenero emango du 'La Noche de Aimar' elkarrizketa saioa, 23:00etan.

Aimar Bretos Donostiako kazetaria, saio berriaren aurkezpenean. ATRESMEDIA
Aimar Bretos Donostiako kazetaria, saio berriaren aurkezpenean. ATRESMEDIA
urtzi urkizu
2026ko apirilaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irratigintzan aritu da orain arte Aimar Bretos kazetaria (Donostia, 1986), bereziki SER irrati katean. Nafarroako Unibertsitatean egin zituen kazetaritza ikasketak, eta 2008an hasi zen SER irratian lanean. 2021. urtetik, Hora 25 irratsaioko zuzendari eta aurkezlea da. Gaurtik aurrera, berriz, irratiko lanarekin batera, La Sexta telebista kate pribatuan La Noche de Aimar elkarrizketa programa aurkeztuko du, 23:00etan.

Asteazkenero, Bretosek hainbat arlotako gonbidatuak izango ditu programan. Elkarrizketatuen ibilbideaz ariko dira, baina baita aktualitateko gaiez ere. Gaur, estreinako atalean, Jose Sacristan eta Juan Diego Botto aktoreak elkarrizketatuko ditu kazetari donostiarrak.

Horrez gain, saio bakoitzean ezezagunagoak diren gonbidatuak izango dituzte; gaur, kasurako, Blanca Madurga urologoa. Lagun ezagunez ere inguratuko da programa berriko aurkezlea. Thais Villas, David Pastor Vicco eta Elvira Lindo izango dira gaurko lehen atalean.

Programa berria Newtral ekoiztetxearena da. Ana Pastor kazetaria da ekoiztetxe horren arduradun eta jabea.

Atresmediak berak argitu duenez, Bretosek SER irratiko Hora 25 saioa gidatuko du aurrerantzean ere. EGM eta CIESen neurketen arabera, SER da Hego Euskal Herrian gehien entzuten den irratia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA