Berrituta eta berritasunekin itzuliko da etzi Zuzeu Podcast-eko Bipareta saioa. Batetik, aurkezle berria izango du podcastak: Ainara Mendiola kazetaria —Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn lan egindakoa—. Bestetik, atal bakoitzean gazte bat elkarrizketatuko du Mendiolak. 14-30 urte artekoak izango dira protagonistak. Eta haiek aukeratutako ingurune batean, beren ikasketez edo lanbideaz eta zaletasunez ariko dira. «Baita gazte gisa bizitzaz duten ikuspegiaz ere», iragarri du Mendiolak.
Hori guztia gutxi balitz bezala, podcasta jarri beharrean, Bipareta pozkasta izenburua jarri diote saioari. «Elkarrizketak umore onean egingo direlako jarri dugu pozkasta. Gaiak serio lantzen direnean ere ariko baikara umore onean».
Maiztasunari dagokionez, hiru astean behin sareratuko dute elkarrizketa bakoitza. Denboraldi berriko lehen elkarrizketa aurreko ikasturtean aurkezle aritu zen Amaia Txokarrori eginikoa izango da. Beka bati esker, bere lehen eleberria idazten ari da; horretaz eta ikasketen amaieran Puerto Ricon egin zuen egonaldiaz mintzatuko da. Gai asko aipatuko ditu Txokarrok: antsietatea, zinema ekoizpenean lanean aritzea nolakoa den, sexua, euskañola, bere kultur erreferentziak eta teknologiarekin duen harremana.
Beste elkarrizketatu batzuk honako hauek izango dira: Irene Araujo Oberena taldeko dantzaria, Jon Fernandez Txopet musika taldeko abeslari eta gitarra jotzailea, Eñaut Urkiza Euskarabenturako partaidea... Euskal Herri osokoak izango dira elkarrizketatuak. «Baina lurraldetasunari garrantzia eman diogu, eta jakin nahi dugu leku desberdinetako gazteek zenbaterainoko lotura duten beste toki batzuetakoekin, eta zenbat ezagutzen duten elkar».
Kultur erreferentziak
Aurreko denboraldietan, podcastaren saio bakoitzak gai jakin bat zuen ardatz. «Oraingoan, pertsonak eta haien bizimodua da ardatza, baita haien bizi ikuskera ere». Estilo informalean egingo dute hori, Mendiolaren arabera. «Elkarrizketaren ataletako bat haien kultur erreferentziei buruzkoa da. Horren bidez, zer gustatzen zaien jakiteaz gain, ikusi ahalko dugu zuberotar batek, arabar batek eta nafar batek erreferentzia berdinak ote dituzten. Hizkuntza ohiturak zein diren ere ezagutu ahalko dute entzuleek». Ez dute hori kasualitatez egingo Zuzeu Podcast-ekoek. «Azken finean, bizi ikuskeran, herri izaerak zer leku duen ikusi nahi dugu».
Zuzeu-k iragarri duenez, belaunaldien arteko loturak eta aldeak sumatuko dira elkarrizketetan. Galderen planteamenduetan eta erantzun moldeetan ere nabarituko dute hori entzuleek.
Zuzeu Podcast atarian ez ezik, Spotify, Apple Podcasts, Ivoox eta Patreon audio plataformetan ere entzun ahalko da Bipareta saioaren denboraldi berria.