Oihaneder bere saltsan sukaldaritza saioa hasiko da astelehenean ETB1en. Xarma jatetxeko Aizpea Oihanederrek (Donostia, 1975) aurkeztuko du, eta atzo egin zuten agerraldia, haren jatetxean. Alboan izan zituen Itziar Azpeitia ETBko saio berrien bilakaerarako arlo burua, Koldo Anasagasti Trauko Management produkzio agentziako ekoizle eragilea eta Ainara Trigueros saioaren zuzendaria.
Oihanederrek jakinarazi duenez, mota guztietako errezetak prestatuko ditu, haur, gazte nahiz helduentzako aproposak: «Helduok egiten duguna haurrekin konpartitu behar dugu, haiek direlako munduan utziko dugun arrastoa; guk dakiguna erakutsi behar diegu». Sukaldean aritzeaz gain, zenbait trikimailu lagungarri ere kontatuko ditu. Jendeari errezeta errazak erakusteko asmoa du, baina prest dago ikusleengandik ikasteko. Dei egin du herri errezetak eta dagoeneko galdu direnak posta elektroniko bidez bidaltzeko, helbide honetara: [email protected].
«Kalitatezko euskara»
ETBko saioaren berrikuntza nagusia: sukaldaria emakumea izatea. «Egunero sukaldean gehien aritzen direnak emakumeak izanda ere, telebistan gizonen presentzia da nagusi. Horregatik, positiboa iruditzen zaigu saio hau emakume batek aurkeztea», dio Azpeitiak. Ez da lehenengo aldia sukaldaritza saio bat euskaraz egiten dela; duela urte batzuk, Karlos Argiñanok bere sukaldaritza saioa zuen ETB1en.
Oihanederren ustetan, aukera egokia da sukaldean euskara erabiltzeko: «Ni neu ere asko ikasten ari naiz. Normalean euskaraz hitz egin arren, ez ditugu hitz teknikoak erabiltzen, baina, pixkana, ohitzen ari naiz». Oso ezagunak ez diren hitzak erabiltzen ahaleginduko da, jendeak ikas ditzan. «Pepino-ren ordez, luzoker esango dut». Edurne Atxotegi ikuskatzailea arduratuko da kalitatezko euskara bermatzeaz.
Oihaneder ibili izan da lehendik ere kamera aurrean : Robin Food saioan, Euskadi Directo-n, eta Interneterako eginiko hainbat bideotan. Dena den, oraingoa harentzat espresuki ekoitziriko lehen saioa da; Trauko Management da ekoizlea.
Astelehenetik ostiralera emango dute saioa, 13:30ean eta 21:15ean, eta 25 minutu iraungo du atal bakoitzak.
Astero, gonbidatu bat
Astean behin gonbidatu bat izango du, eta haren gustuko errezeta bat prestatuko dute. Laster ikusiko ditugu programan Josean Larrañaga Urko abeslaria, Koldo Olabarri Bi eta bat-eko aktorea, Edorta Lamo A Fuego Negroko sukaldaria eta Eneko, Oihanederren iloba gaztea, besteak beste.
Kameraren aurrean Oihaneder arituko da, baina azpimarratu du atzean Xarmako talde osoa dagoela; tartean, haren senar Xabier Diez; bien artean eramaten dute aurrera jatetxea.
Oihanederrek adierazi du oso ongi pasatzen ari dela grabaketetan, eta platoan sortutako giroa ikusleen etxeraino irits dadin nahiko luke.
Komunikazioa
Aizpea Oihaneder izango da ETB1eko lehen emakume sukaldaria
Astelehenetik aurrera, 'Oihaneder bere saltsan' saioa emango dute ETBn, 13:30ean eta 21:15ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu