«Bere garaian irakurri genuen lagun kuadrilla bat mendira joan, eta haietako bat desagertu egin zela. Beste istorio bat ere irakurri genuen: mutil bat parrandan zebilen, alkoholemia kontrol bat saltatu, eta desagertu egin zen». Halako istorioekin telesail bat egitea buruan zuen aspaldi Xabi Zabaleta Pausoka ekoiztetxeko gidoilari eta ekoizleak. «EITBk deialdi bat egin zuen Primeran-erako telesail independenteak ekoizteko, bereziki jende gaztea protagonista izango zuena. Eta orduan ekin genion istorioari». Zabaletak argitu du, edonola ere, gazteentzat ez ezik, helduentzat ere badela Desagertuta telesaila. Primeran plataformak astelehenean estreinatuko ditu telesailaren lehen bi atalak (21:00), eta ondotik astero zabalduko dute atal bat. Euskarazko bertsioa emango du Primeran-ek, eta gaztelaniazkoa Netflixek —hilaren 21etik aurrera—. Izan ere, fikzioa aldi berean grabatu zuten: euskaraz eta gaztelaniaz. Egileek ohartarazi dute bi telesail bezala direla.
Donostiako Viktoria Eugenian ere emango dituzte lehen bi atalak: datorren astelehenean, 19:00etan. Gonbidapenak agortu egin dira.
Telesailaren zuzendariak Estel Diaz eta Jabi Elortegi dira. Izan ere, telesaila bi ekoiztetxeren artean egin dute: iZen eta Pausoka. Zabaletak azaldu duenez, EITBren deialdiak zehazten zuen ekoiztetxeek finantzaketa zati bat izan behar zutela. «Bagenuen itxaropena telesaila toki gehiagotan ikusi ahalko zela, eta, hortaz, proposamen bat egin genion iZen ekoiztetxeari, elkarrekin beste proiektu batzuetan genbiltzalako». Kanpoko banaketan parte hartuko du iZenek. «Ekoiztetxe horrek, gainera, esan zigun Netflixekin harreman ona zuela, eta bertan sarbidea izan zezakeela. Eta Netflix sartu zenean, oso ondo, noski». Primeran-ek euskarazko bertsioaren esklusibotasuna du, eta Netflixen euskaraz udan edo irailean ikusi ahalko da.
Zabaletarekin batera, Juliana Barrera, Itziar Zeberio eta Sara Fernandez-Velasco dira beste ekoizle eragileak. Eta sortzaileen artean Marta Grau Rafel dago.
Aktoreak hautatzeko prozesuari dagokionez, Elortegik azaldu du bazeudela aktore batzuk lehendik Netflixekin lan egindakoak: Gorka Otxoa, Itziar Atienza eta Ane Rot. «Bestalde, gurekin Go!azen-en aritu ziren aktore batzuk hautatu genituen: Unai Arana eta Ainhoa Larrañaga, adibidez. Eta Irabazi arte-tik, Ainhoa Azpitarte». Falta zitzaien aktore protagonista, ordea. Eta hori Jon Lukas da. «Orain arte Lukasek ez du lan askorik egin, eta hura da aurpegi berriena», aipatu du Elortegik.

Zabaletak eta Elortegik aipatu dute hautaketa probak luzeak izan zirela: Madrilen eta Euskal Herrian, euskaraz eta gaztelaniaz. Izan ere, gero eszena guztiak bi hizkuntzetan errepikatu behar zituzten filmaketan. «Berrikuntza izan zen lantaldearentzat bi hizkuntzetan grabatzea. Trikimailuak egin behar genituen aurrera egiteko, baina ondo joan zen. Aktore gazteak oso erraz pasatzen ziren hizkuntza batetik bestera, sekulako erraztasuna zuten», azaldu du Elortegik. «Sekuentzia bera hizkuntza batean eta bestean entzuten genuen, eta batzuetan tonua euskaraz gozoagoa zen. Esan dezatela euskara gogorra dela belarriarentzat...». Zabaletak dio aktore batzuei esaten zietela saiatzeko euskarazko «tonu gozoa» gaztelaniaz ere mantentzen. Elortegik zintzo hitz egin du: «Erronka bat zen, bai aktoreentzat, bai guretzat. Baina batez ere gazteek egiten zuten erraz».
Istorioa amaitu egiten da, baina jarrai dezake
Telesailean kontatzen dute lagun talde bati gertatutakoa: gaua mendian pasatu ondoren, Jon izeneko mutil bat desagertu egingo da sare sozialetan bideo bat igo ostean. Zabaletak iragarri duenez, bi denbora lerrotan garatzen da istorioa: «Atal bakoitzean kontatzen da Jonen bilaketa, eta iraganera jauzi egiten da eta hor hobeto ezagutzen da Jonen lagunetako bat». Trantsizioekin jolasean ibiltzen dira, beraz. «Jolas pixka bat badago». Elortegik azaldu duenez, telesailak harremanei buruz hitz egiten du, baita harreman toxikoez, sare sozialez, guraso eta seme-alaben harremanez ere... «Eta astez aste mantenduko den misterioak ikusleak kateatuko ditu».

Planoak eta edizioa igualak dira bi bertsioetan. Baita musika ere; euskal talde askoren kantak entzungo dira telesailean: Tatxers, Dupla, Gorka Urbizu, Zea Mays, Bulego, Verde Prato, Zetak, Bengo... «Netflixekoak asko harritu ziren euskal musika aukera handiarekin, eta Spotifyrako zerrenda bat eskatu digute», aipatu du Zabaletak.
Gidoilari eta ekoizle eragileak nabarmendu du telesailaren istorioa amaitu egiten dela zortzigarren atalarekin. «Istorioa hortxe bukatzen da. Baina oso ondo funtzionatuko balu, bigarren denboraldi bat egiteko aukera egongo litzateke. Ideiak baditugu horretarako. Pertsonaia horiekin istorio gehiago konta daitezke».
Pausokak, berriz, ekainean hasiko ditu Go!azen eta Irabazi arte telesailen denboraldi berrien filmaketak.