'Aldatu gidoia' kanpainak 2.200 sinadura baino gehiago bildu ditu

Sustatzaileek eskatu dute EITBren aurrekontuaren %75 euskarazko edukietara bideratzeko

Aldatu gidoia egitasmoaren aurkezpena, irailaren 9an, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Irailaren 9an, Aldatu gidoia euskararen alde kanpaina abiatu zuten Euskal Herriko hainbat eragilek, Eusko Jaurlaritzari eta EITBri eskatzeko kultura eta ikus-entzunezkoen politikak «errotik» aldatzeko. Sinadura bilketa bat abiarazi zuten. Eta dagoeneko 2.200 sinadura baino gehiago jaso dituzte. Kopuruez harago, esanguratsua da era askotako taldeek, eragileek eta elkarteek eman diotela babesa egitasmoari.

Sinatzaileen artean daude Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel, ELA sindikatuko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza, LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, UEMAko lehendakari Martin Aramendi, EAB Euskal Aktoreen Batasuneko ordezkari Rakel Ezpeleta, Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaile Libe Mimenza eta Pantailak Euskaraz mugimenduko bozeramaile Alex Aginagalde. Norbanakoen artean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, Josu Martinez zinemagilea, Mirari Martiarena gidoilari eta umorista, Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko zuzendaria, Arkaitz Zarraga soziolinguista eta Itxaso Paia bertsolari eta gidoilaria.

«Kanpaina bide onetik doala uste dugu», esan dute Aldatu gidoia egitasmoko ordezkariek. «Gaia gizarteratzea lortzen ari gara, eta norbanako ugariren babesa jasotzen». Sinadura bilketa martxan da oraindik, eta herritarrak sinatzera animatu nahi dituzte.

Aldatu gidoia kanpainakoek zera diote sinadura bilketako orrialdean: «Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari eskatzen diogu gidoia aldatzeko euskararen alde, kultura eta ikus-entzunezkoen politikak errotik aldatzeko, euskara erdigunean ipiniz, eta euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza zabal, duin, eguneratua eta erakargarria urgentziaz osatzeko eta publikoari eskuragarri jartzeko». Era berean, eskaintza hori EITBren euskarri eta leihoetan eta, EITBz harago, zinema eta streaming plataformetan egiteko eskatzen dute.

Kuotak aurrekontuetan

Aldatu gidoia egitasmoko sustatzaileek 32 eragileren babesarekin egin zuten iraileko aurkezpena, Gasteizen. Kuota batzuk eskatu zituzten euskarazko eskaintza bermatzeko.

Bide horri jarraikiz, bestetik, nabarmendu dute azaroa «hilabete garrantzitsua» izango dela, Eusko Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak eztabaidatuko direlako. Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren urteko aurrekontuaren %5 euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzeko eskatu dute. «Era berean, eskatzen dugu EITBk eduki eta programetara bideratzen duen aurrekontuaren %75 euskarazko eduki eta programetara zuzentzea».

Kanpainako ordezkariek iragarri zuten mobilizazio bat egingo dutela datorren urtean, maiatzaren 18an, Jaurlaritzaren egoitzaren aurrealdean. Urtarrilean ekingo diete prestaketa lanei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.