Alfonso Signorini ikertzen ari dira, sexu indarkeria eta estortsio delituengatik

Italiako 'Grande Fratello' saioko aurkezleak Mediaset taldean zituen ardurak utzi ditu, auzian «bere burua defendatzeko».

Alfonso Signorini telebista aurkezlea. BERRIA
Alfonso Signorini telebista aurkezlea. BERRIA
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 5a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Italiako telebistagintzako mundua aztoratu du azkeneko asteetan Alfonso Signorini kazetari, irrati esatari eta telebista aurkezlearen auziak. Duela egun batzuk, Milango Fiskaltzak (Italia) ikerketa bat zabaldu zuen, sexu indarkeria eta estortsio delituengatik. Ikerketaren abiapuntua Fabrizio Corona paparazziak egindako adierazpenak dira: Youtuben duen saioan, atal oso bat Signoriniri eskaini zion, eta bertan esan zuen Grande Fratello (Anaia Handia) saioan parte hartu nahi zuten herritar batzuei sexu harremanak erreklamatzen zizkiela Signorini aurkezleak, reality-an parte hartzearen truke.

Abenduaren 24an, Antonio Medugno reality-ko parte hartzaile ohiak salatu zuen Signoriniren sexu eskaeren biktima izan zela. Lekukotza hori aintzat hartu du Milango Fiskaltzak ikerketari bide emateko.

Signorinik 2023ko eta 2025eko Grande Fratello aurkeztu eta zuzendu zituen Mediaset taldeko Canale5 katean —Hego Euskal Herrian ikus daitekeen Tele5ren parekidea—. Eta, aurretik, Grande Fratello VIP aurkeztu zuen 2020tik 2023ra. Italiako hainbat hedabidetan Milango Fiskaltzak ikerketa abiarazi duela publiko egin bezain laster, Signorinik Mediaset taldean zituen karguak eta lanak utzi ditu.

Mediaset taldeak agiri batean adierazi du Signoriniren erabakia onartzen duela. «Epaitegietara eramango ditugu difamazio eta kalumnia guztiak, pertsonak, gertakariak eta haien interesak defendatzeko», dio komunikazio taldeak. Era berean, Mediasetek gaineratu du bere enpresan lan egiten duten guztiek kode etikoan jasoak dauden «zuzentasun, ardura eta gardentasun printzipioak» bete behar dituztela, «inolako salbuespenik gabe».

Kontsumitzaile elkarteak saioa eteteko eskatu du

Italian indar handia du Codacons kontsumitzaile elkarteak. Sigonirini auzia-ren inguruan bere iritzia plazaratu du kontsumitzaile elkarte horrek, eta salatu du ez dela nahikoa Signorinik saioko ardurak utzi izana. Mediaset taldeari eskatu dio Grande Fratello-ren aldi berria bertan behera uzteko, «gertaera guztiak oso-osorik argitu arte».

Signoriniren abokatuek, bestalde, adierazi dute aurkezlearen aurkako «kalumnia eta difamazio kanpaina bat» dagoela, haren «ohorea eta ibilbide profesionala suntsitzeko asmoz». Abokatuen arabera, Signorini «jokabide kriminal larrien biktima» izaten ari da.

Signorinik askotariko lanak egin izan ditu Italiako komunikazio munduan: Chi aldizkariaren zuzendari editoriala izan zen, Arnoldo Mondadorirekin batera Talent Agency enpresa sortu zuen —telebista ekoizpenera bideratua— eta makina bat programa aurkeztu ditu Canale5 katean. 2006tik 2026ra, Alfonso Signorini Show irratsaioa gidatu du Radio Monte Carlo irratian. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.