ETB1eko 'Tribuaren berbak' saioaren aurkezlea

Izaro Arruti Agirreurreta: «Amets partekatu bat daukagun jende asko gara»

Lehen urtea du 'Tribuaren berbak' saioan aurkezle, eta hitz onak baino ez ditu. Hilaren 25ean amaituko da ETB1eko saioaren denboraldia.

Izaro Arruti. JON URBE / FOKU
Izaro Arruti. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Andoain
2026ko martxoaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantses, ingeles eta euskal filologia ikasketak egin zituen, eta soziolinguista da Izaro Arruti Agirreurreta (Andoain, Gipuzkoa, 1996). Euskarabentura, Badalab eta beste egitasmo batzuetan lan egindakoa da. ETB1eko Tribuaren berbak saioan ari da gaur egun.

Nolako esperientzia pertsonal eta profesionala da Tribuaren berbak?

Oso hilabete ederrak izan dira. Lehen aldia da kamera aurrean modu honetan aritu naizena, eta harro nago. Oso-oso eroso sentitu naiz. Saioak hainbat gauza probatzeko aukera eman dit: elkarrizketa formalagoak, kaleko inkestak, off-eko ahotsak eta lokuzioak, esketxak... eta hori ere deskubrimendu bat izan da, esketxak egitea, eta hor ere eroso sentitu naiz. Erredakzioan ere aritu naiz gidoian ekarpenak egiten. Lantaldea ederra izan da maila profesionalean eta pertsonalean, eta bulegoan egoteko aukera ere izan dut. Euskaltzale bezala, ongizate emozionala eman dit saioaren parte izateak.

Euskararen ertz asko jo dituzue. Ezagutza jasotzeko ere polita izan al da?

Saioan adituak eta herritarrak elkarrizketatu ditugu, hainbat hizkuntzatako hiztunak; geografikoki mugitu gara, eta bidaia bat ere egon da. Indibidualismoa muturreraino eramaten ari garen honetan, euskaltzaletasunaren eta hizkuntz aniztasunaren inguruan jende asko gabiltzala ohartzeko bidaia bat ere izan da Tribuaren berbak. Amets partekatu bat daukagun jende asko gara.

Londresko lehen ataletik hasita, euskaraz ikasi duten beste herrialde batzuetako pertsona asko elkarrizketatu dituzue.

Euskarara gerturatzeko arrazoi eta bide desberdinak topatu ditugu. Arrazoien artean arbaso euskaldunak izatea dago, maitasun gaiak, kultura eta musika taldeen lilura, arrazoi linguistiko edo politikoak... Guztietan dago talde bateko kide izateko sentimendua lortu nahia edo zerbaiten parte izateko nahia.

Nafarroari eta Ipar Euskal Herriari atal bana eskaini diezue. Jendeak eskertu ditu?

Ikusi dugu interes berezia izan dutela bi atal horiek. Sare sozialetan, ikustaldi gehien izan duen bideoa Londresen egin genuen kale inkesta da. Baina, horren ondotik, ikustaldi eta partekatze gehien duten bideo zatiak Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ataletakoak dira. Youtuben ikustaldi gehien duen programa Nafarroakoa da. Bestetik, nabaritu dugu Hegoalde-Iparralde ezagutza falta badagoela; Donostian euskaraz ikasten duten ehun ikasleri Iparraldeaz galdetu genien, eta gutxi dakitela ikusi genuen.

Izaro Arruti, Tribuaren berbak telebistako saioaren aurkezlea
Izaro Arruti. JON URBE / FOKU
Euskararen inguruko datuak modu grafiko eta erakargarrian eman dituzue atal hauetan. Telebistaz harago, hor gelditzen dira, ezta?

Bai, Tribuaren berbak-en dago zer esan nahi dugun, eta asko zaintzen dugu nola esan nahi dugun. Hizkera erraza erabiltzen saiatzen garen bezala, datuak landu nahi direnean, garrantzitsua da grafikoak modu errazean islatzea. Efektu berezietan eta grafismoan lanketa handia egin da. Material horiek telebista emanalditik kanpo erabil daitezke. Datuek lagundu egiten dute pertzepzioak kontrastatzen.

«'Tribuaren berbak' ez da neutroa, eta gure helburuetako bat hiztunak aktibatzea da»

Zenbat euskaldun gara? atalean, milioi bat euskaldun direla azaldu zenuten. X sare sozialean kritika batzuk jaso zenituzten.

Bitxia da Instagramen bideo berberak dozena bat mezu bat dituela, eta denak zorion mezuak dira. X-n, berriz, hate-a. Kritikak egin dituztenei esango nieke haien galdera gehienen erantzunak programan daudela. Gonbidatuko nituzte saioa osorik ikustera. Begirada errealista batetik irakurketa baikorra egiten saiatu gara gu. Tribuaren berbak ez da neutroa, eta gure helburuetako bat hiztunak aktibatzea da.

Elkarrizketatu batek baino gehiagok aipatu du azken hamarkadetan euskararen inguruan asko egin dela, baina asko falta dela egiteko. Zer esango zenuke?

Saioan aipatu izan dugu asko izan direla euskararen heriotza iragarri dutenak. Ez dute asmatu. Beste hizkuntza gutxituetako hiztunak ere elkarrizketatu ditugu, eta haien sentsazioa ere bada bidea badagoela egiteko. Diglosia egoera batean dagoen hizkuntza gutxitu bat sustatzeko, erakundeek erantzukizun handia dute. Eta ezin da ahaztu euskara minorizatu nahi izan duten indarrek hor jarraitzen dutela eta hor jarraituko dutela. Gu begirada baikorra ematen ahalegintzen gara, ikuspuntu alai batez eta umorez. Konpromisoz ere bai. Hori ikusita, kalean ilusioa jaso dugu.

Azkeneko hiru atalak nondik norakoak izango dira?

Biharko atala kulturgintzari buruzkoa izango da. Datorren astekoa, hilaren 18koa, Korrikaren inguruko atal berezia izango da; Korrikaren funtzio soziala kontatu nahi izan dugu. Atharratzen eta Bilbon izango gara, Korrika hasi eta amaituko den tokietan. Eta denboraldia hilaren 25ean amaituko da, Herrialde Katalanetan grabatutako atalarekin. Bidaia bat egin dugu azken atal horretan, katalanaren egoera zertan den aztertzeko. Valentzian, Bartzelonan, Andorran eta Ipar Katalunian izan ginen.

Datorren ikasturtean jarraituko al du Tribuaren berbak saioak?

Ez dakigu. Ideiak eta gogoa ez zaizkigu falta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA