benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

1984 edo antzezlana

2026ko otsailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit zure sentsazioa ere baden hau, baina helduok performancearen garaian bizi garela deritzot. Norberaren eremu pribatutik hasi eta instituzio handietaraino, mugimendu politiko ezkertiarrenetik hasi eta eskuin erradikaleneraino, espektro osoa zeharkatzen du sare sozialetako antzezlan erraldoiak. Sarri, ekintzak berak baino garrantzi handiagoa hartzen du jazotakoa sare sozialetan zabaltzeak.

Adin txikikoei dagokienez, aste honetan entzun dugu sare sozialen aurkako neurri zorrotzagoak hartuko direla Espainian. Lege berriaren ezaugarri guztiak datorren astean ezagutuko ditugun arren, badirudi Hego Euskal Herriko 16 urtez azpiko gazteek ezingo dituztela sare sozialak erabili. Ipar Euskal Herrian, 15 urteko gutxieneko adinarena prozesuan da jada. Erabakiaren espirituarekin, hau da, gazteak babesteko asmoarekin, ados egon gaitezkeen arren, zoritxarrez bi arazo ikusten dizkiogu Espainian proposatutakoari: 1) hau guztia beste performance edo antzezlan bat gehiago izatea, eta 2) bestelako erabaki batzuen aurrekaria izatea.

Azal dezagun hau. Gaur-gaurkoz, Hegoaldean, 14 urte azpikoek ezin dute sarbiderik izan WhatsApp, TikTok eta Instagram bezalako sare sozialetan. Hori dio teoriak, behintzat. Baina zein da benetan errealitatea? Gertu dugun lagin txiki bat baliatu dugu egoera ezagutzeko: 12 urteko gaztetxoei galdetu diegu zenbatek duten telefono adimenduna eta zenbatek dituzten instalatuak lehen aipatutako hiru aplikazio horiek. %90 inguruk baiezko erantzuna eman diote denari.

Baina nola da posible 12 urtekoak sare horietan egotea? Oso erraz: aplikazioak adinaren inguruan galdetzen dizunean gezurra esanez. Beraz, 14 urte jartzen duen tokian 16 idaztea bada aldaketa nagusia, gaztetxo gehienek orain arte bezala jarraituko dute. Aldiz, adina modu digitalean ziurtatu beharko balitz, gauzak asko aldatuko lirateke. Egoera ideala izango litzateke norbere adina ziurtatzea nor garen agerian utzi gabe, pribatutasuna mantenduz.

Baina, zoritxarrez, honi guztiari Europar Batasunak proposatutako Chatcontrol lege-proiektuaren usaina hartzen diogu: Estatuak gure artean bidaltzen ditugun mezu pribatu eta eduki guztien monitorizazio eta kontrol soziala izatea. Hau guztia ikusita, aukeran, nahiago dugu proposamena antzezlan hutsa izatea, Orwellen 1984 eleberria baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA