benat erezuma
'Ekografiak'

Adiskide arriskutsuak

2026ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken egunotan, adimen artifizialaren inguruko frikien artean ez da beste hitzik aipatu: Clawdbot. Baina Clawdbot izenarekin ezagun egin arren, Moltbot gisa berrizendatu behar izan da arrazoi legalak medio. Baina zer da ditxosozko Moltbot hori? Bada, kode irekiko laguntzaile pertsonal adimentsua da. Eta nola funtzionatzen du? Lehenik eta behin, zure ordenagailu edo zerbitzari pribatuan instalatu behar duzu. Horrek ahalbidetzen dio Moltbot-i zure fitxategi eta programa guztietarako sarbide osoa izatea. Moltbot-ek zure dokumentu, programa eta datu guztiak irakur ditzakeenez, hobeto ezagutzen zaitu. Ondoren, bot-ak, urrunetik eta modu autonomoan, zure ordenagailua eta erabiltzen dituzun zenbait aplikazio kontrolatzen ditu, eta hainbat erabaki hartzeko gaitasuna lortzen du.

Baina jar dezagun adibide bat hau guztia hobeto ulertzeko. Pentsatu 2026ko oporrak antolatu nahi dituzula eta alfer xamar zabiltzala. Lantokian zaude eta Whatsapp mezu bat bidali diozu bot-ari, udako oporrak antolatu ditzan aginduz. Jarraian, bot-ak bere kabuz prozesatuko ditu zure ordenagailuan iazko oporren karpetan gordetako gastu-orria, argazkiak zein hotel-erreserba. Bot-ak autonomoki eta bere kabuz exekutatuko du zure ordenagailuko nabigatzailea, hegaldiak bilatuko ditu eta aurreko urteko parametroetara egokitzen diren hotelak iragaziko ditu, hondartza gertu eta umeentzako animazioak dituztenak hobetsiz, adibidez. Bot-ak aukeraketa egin ondoren, erreserba-formularioa beteko du zure datu pertsonalekin. Zuri baimena eskatu ondoren, hotelaren ordainketa ere kudeatuko du, eta dokumentazio guztia ordenagailuko Oporrak 2026 karpeta berrian gordeko du. Eta hori guztia, zu zeu pantailaren aurrean izan gabe. Badaflipat!

Baina zure etxe digitaleko giltzak hari emateak arrisku kritikoak dakartza: adibidez, zeharkako agindu-txertatzea. Webgune baten kodean gizakiak ikusi ezin duen baina AAk irakurtzen duen testu ezkutua txerta daiteke. Agindu horrek bot-ari zure fitxategi konfidentzialak kanpoko helbide batera bidaltzeko agindu diezaioke. Moltbot-ek baimen guztiak dituenez, agindu hori beteko luke, zu ohartu ere egin gabe. Kontuz, ba, erosotasunaren izenean gure segurtasun digitala arriskuan jartzearekin, laguntzailea zena Troiako zaldi bihurtu baitaiteke gutxien espero dugun momentuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA