Gurasoek etxeko apalean daukate oraindik gordeta 2000ko hamarkadaren hasierako Euskal Herria: La mirada mágica saioaren DVD bilduma. Berriki estreinatu duten Euskal Herria hegan ikusi bezain pronto etorri zait gogora bilduma zahar hura. Esentzia antzekoa bada ere, badu proposamen berriak zerbait gehiago.
Euskal Herria hegan saioko lehen denboraldiak bederatzi atal izango ditu, eta Gipuzkoa: Zeruaren eta itsasoaren artean izan da eman duten lehena. Miren Gaztañagak jarri dio ahotsa narrazioari, musika Fernando Velazquezek sortu du eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak interpretatu. Atal bakoitzean, gainera, euskal kantarien emanaldiak izango dira ikusgai. Lorea Perez de Albeniz da programaren zuzendaria, Toti Martinez de Lezea idazleak eta Juanma Gonzalez Cembellin historialariak parte hartu dute gidoia osatzeko lanean.
Lehen segundotik bertatik sumatzen da lehen mailako lantaldearen eskua: zentzumenak pizten dituen bidaia ikusgarri bat da, gure lurraldearen esentzia inoizko ikuspegi poetikoenean erakusten duena. Paraje natural ederrenetara bidaiatzeko proposamen bat da, eraikin ikusgarrien barrualdeetan sartzeko aukera bat, eta Euskal Herriko txoko bakoitzean gordetzen diren mito eta kondairak ezagutzeko gonbidapen bat. Droneen bidez grabatutako irudiak ikusgarriak dira: zerutik hartutako plano zabal eta magikoak batetik, eraikinen barrualdeetako xehetasun harrigarriak bestetik.
Saioa ederra da, zaindua eta mimoz jositakoa; ezin zaio eragozpen bakar bat jarri. Baina aurkezpenean entzundako esaldi bat geratu zait barruan biraka: «denboraldiko apustua» aipatu zuten ETBko arduradunek. Estilo honetako saio bat «denboraldiko apustua» dela aipatzea biziki adierazgarria iruditzen zaidanez, galdera bat piztu da nire barnean: nazioarteko ikusleengandik hain desberdinak al gara euskaldunak?
Irudika dezakezue, esaterako, Danimarkako telebistako arduradunek iragartzea euren denboraldiko apusturik sendoena ez dela prime time-ko saio berritzaile bat, edota telesail indartsu bat, Kopenhageko eta fiordoetako aireko irudiez osaturiko saio bat baizik? Edo TV3 Kataluniako telebista publikoan esatea aurten Crims-en ordez Catalunya per l'aire emango dutela?
Niri nekez sartzen zait buruan: ezin dut irudikatu. Baina, tira, agian oker dabilena neu naiz.