Hibairen etxean geunden. Zehatzago esateko, haren etxeko musika estudioan. XXI. mendearen hasierako urteak ziren. Hibaik apalategian zituen diskoak aztertzen ari ginen. Idazle baten etxean sartzeko aukera baduzu, haren liburuak kuxkuxeatuko dituzu. Musikari baten etxean sartzean, berdin, haren diskoen zerrendan gora eta behera emango duzu denbora.
Estudioan ari zitzaigun erakusten grabatu zituen azken abestiak. Eta bat-batean Aitor agertu zen, Hibairen anaia gaztea. Hibaik esan zigun Aitor musika elektronikoa ekoizten hasia zela duela gutxi. Eta eskatu genion ea posible zen haren zerbait entzutea. Gogoan dut gure erreakzioa zein izan zen momentu hartan. Flipatu egin genuen. Ez ginen elektronikan adituak, baina nazioarteko soinua zuen han entzun genuenak.
Bi hamarkadaren ondoren, Zeru ahoak: soinu banda baten sormena dokumentaleko irudiak ikusten ari naiz. Aitor Koldorekin ari da hitz egiten pantailan. Bata Aitor Etxebarria da, bestea Koldo Almandoz. Telesailaren soinu banda Aitorrek nola sortu duen erakusten du hogeita lau minutuko artefaktuak. Aitor eta Koldo grabazio estudioan daude hainbat musikarirekin batera. Konplizitatea nabaria da bien artean. Bi nerabe dirudite, haien lehen proiektuarekin gozatzen. Eta momentu baten Koldok zera esan dio Aitorri: «Horrelako gehiago egin behar ditugu, grabatzera berriro etorri ahal izateko».
Esaldi hori iltzatuta geratu zait. Nire ustez, Koldok ez du esaldi hori esaten grabazioan lortzen ari diren emaitza etorkizunean berriz izateko. Horren ordez, Aitorrekin batera bizitzen ari den esperientzia errepikatzeko nahia adierazten du. Sormen lanean bizitzen ari dena berriro bizi nahi du. Ez da emaitza, prozesua da.
Keith Sawyer psikologo estatubatuarra da, gaur egun talde-sormenaren, lankidetzaren eta ikaskuntzaren arloko aditu nagusietakoa. Group Genius: The Creative Power of Collaboration (2007) bere liburuan, argudiatzen du sormen-aurrerapen handiak (jazzaren sorrera, Interneten garapena...) ez zirela pertsona bakar baten burutazioak izan, baizik eta norbanakoen arteko elkarreragin prozesu luze eta konplexu baten emaitza. Adimen artifizial orosortzailearen garaian, oraindik bada tartea pertsonen arteko sorkuntzaz eta lankidetzaz gozatzeko.