Datorren larunbatean hitzordu garrantzitsua dute txuri-urdinek: Sevillan (Espainia) jokatuko dute Espainiako Kopako finala Realak eta Atletico Madrilek, eta milaka realzale joango dira datozen egunetan hara euren taldea animatzera; eta, ahal bada, kopa etxera ekartzera. Donostian eta Gipuzkoako hainbat herritan pantaila erraldoiak jarriko dituzte finala ikusteko, eta haien inguruan ere jendetza espero da. Etxeetan, tabernetan, elkarteetan, lokaletan eta beste hainbat tokitan ikusiko dute partida; euskaraz ere ikusi ahalko da ETB1 katean, zuzenean. Futbolak mugitzen duenaz askotariko irakurketak egin daitezke, noski.Â

Futbolak ilusioa pizten du edozein adinetako herritarren artean. Sentimendu ugari sor ditzake. Eta herritar askok ere gogotik biziko dute datorren larunbateko finala. Zalantzarik ez da horretan.
Komunikabideetan, halaber, Realak jokatu dituen beste final batzuk gogoratuko dituzte egunotan, irabazitako beste txapelketa batzuk... Eta ondo, bai, arazorik ez horretan ere.
Baina bada gogoan izan beharreko gertaera lazgarri bat, txuri-urdin askoren oroimenean dena, eta lerroburuetatik aparte utzi behar ez dena: 1998ko abenduaren 8an, Realak eta Atletico Madrilek UEFA Kopako partida bat jokatu behar zuten Espainiako hiriburuan, eta, Vicente Calderon futbol zelaiaren inguruetan, Frente Atletico taldeko Bastion azpitaldeko Ricardo Guerrak labankadaz hil zuen Aitor Zabaleta zale txuri-urdina. Eskuin muturreko talde bat zen Bastion, eta hilketa hura ez zen kasualitatea izan. Espainiako justiziak eman zuen gero epaia: hamazazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten Guerra hiltzaileari. Nahikoa bizkor eman zizkioten espetxetik ateratzeko baimenak ere, eta, halako batean, 2018ko abenduan, Brujasen atxilotu egin zuten, Belgikan, Atletico Madrilen beste zale batzuekin batera agur naziak egiteagatik. Hirugarren graduan zegoen, eta Belgikako hirira joan zen beste nazi batzuekin batera.
Gogoan izan behar da, halaber, Espainiako justiziak Guerra baino ez zuela epaitu eta zigortu. Bastion taldeko beste inor ez. Eta talde hori babesten dutenen aipamenik ere ez zen agertu historia luze horretan.
2023ko abenduan, Bultzada zale txuri-urdinen taldeak omenaldi berezia egin zion Zabaletari. Bai Anoetan bertan, baita ikus-entzunezko formatu bidez ere. Aitor Zabaleta 25 urte-Memoria dugulako, memoria garelako 34 minutuko dokumentala sareratu zuten. Youtuben ikusgai dago. Ikusi beharrekoa da.
Datorren larunbateko finalean, zale batek baino gehiagok izango du akorduan Zabaleta. Ibaeta auzoko (Donostia) Aratz jatetxeko familiakoek, bereziki. Ez dira ahanzturan geldituko. Eta Bultzadakoek egin zuten moduan, Aitor Zabaleta gogoratzeko ikus-entzunezko lan gehiago egiten badira, ez dira sobran egongo.
Netflixen 'Salvador' telesailaÂ
Aitor Gabilondok (Donostia, 1974) sortu eta Daniel Kalparsorok zuzendutako Salvador fikziozko telesaila estreinatu zuen Netflix plataformak otsailean. Zortzi ataletan, futbolaren bueltan sortutako talde nazi baten ingurukoak kontatzen ditu. Bi futbol talderen bueltako talde ultrek elkartzeko ordua jarriko dute, eta bortizkeriaz betetako eszenak agertuko dira lehen atalean. Ondotik, fikzioak erakusten du talde nazi horren atzean abokatuak, poliziak eta enpresari dirudunak daudela, baita eskuin muturreko politikari bat ere. Badira telesailean kirrinka egiten duten kontu batzuk, baina ez da ahaztu behar entretenimendurako fikzio lan bat denik.

Hori bai, Salvador telesailak azaleratzen duen premisa batek balio du errealitaterako: eskuin muturreko talde bortitzek babesa dute, itzalpeko babesa. Erakunde boteretsuen onespena. Eta —Euskal Herriko herritar askok badakite hainbeste— hala gertatu izan da iraganean. Hala gertatzen da gaur egun. Aitor Zabaletari labana sartu ziona bat izan zen, baina ez zen bakarrik aritu. Eskuin muturreko talde horiek arriskutsuak dira oso, eta inpunitatez jarduten dute gehienetan. Ezin da beste alde batera begiratu.