Workday enpresa 2005. urtean jaio zen, AEBetan. Bi ekintzailek sortu zuten, Aeel Bhusri eta Dave Duffielek. Enpresa hasieratik izan zen Giza Baliabide eta finantzetarako hodeiko aplikazioen hornitzailea. Bi hamarkadaren ostean, adimen artifiziala erabiltzen dute giza baliabideen kudeaketarako. Gaur egun, konpainia erraldoia da Workday, mundu mailan 10.000 enpresek erabiltzen dute haren teknologia langile-hautaketa prozesuetan. Baina zehazki zertarako erabiltzen dute bertan adimen artifiziala? Funtsean, AAk bi helburu ditu kontratazio-prozesuetan: hautagaiaren trebetasunak lanpostuarekin alderatzea, eta hautagaiak ebaluatzea. Ideia bikaina, ezta? Algoritmo baten eskuetan pertsonen kontratazioa utzi eta lan nekeza egin dezala makinak.
Baina aurkez dezagun gaurko zutabearen protagonista: 40 urte baino gehiago dituen Derek Mobley. Duela urtebete, lan bila ari zen Mobley jauna, eta ehun eskabide baino gehiago aurkeztu zituen Workday-ren plataforma erabiltzen zuten hainbat enpresatan. Emaitza? Kasu guztietan baztertu egin zuten. Batzuetan, eskabidea goizaldean online aurkeztu eta minutu gutxira, automatikoki heldu zitzaion ezezkoa. Mobley-ren arabera, Workday enpresak hautagaiak puntuatzeko, sailkatzeko eta iragazteko diseinatutako AA tresnek zigortu egiten ditu adin jakin batetik gorako hautagaiak. Gauzak horrela, Mobley-k salatu egin zuen Workday enpresa epaitegian, adinagatik diskriminatzeagatik. Workday-ren buruek salaketa baztertzeko eskatu zuten, haiek ez zirela enplegatzaileak argudiatuz. Soilik bitartekari lana egiten dutela adierazi zuten.
2025eko maiatzaren 16an, San Frantziskoko Rita Lin epaileak erabaki garrantzitsua hartu zuen: Workday-ren aurkako salaketa pertsona bakar baten auzia izatetik AEB mailako talde-ekintza kolektibo bat izatera igarotzea. Arrazoia? Antzeko baldintzetan adinagatik diskriminazioa jasan duten hautagai guztiek prozesu bakar baten bidez bat egin dezaten. Horrela ba, epaileak onartu egin zuen sistemak eredu orokor bati jarraituz milaka langile baztertu ote zituen aztertzea.
Epaiketa oraindik ez da ebatzi. Baina Workday-ren kasua ez da azkena izango. Etorkizunean, gero eta gehiago izango dira mota guztietako diskriminazio eta erabaki okerrak algoritmoen atzean ezkutatzen saiatuko direnak.