Sara Azurza
Ekografiak

Ametsak labean

2026ko urriaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bitxia bezain ederra da esna amets egitea. Bitxiagoa, oraindik, amets horiek egia bihurtzea. Film honek bere amets bat egia bihurtzera eramango du zinema kritikari bat. Pelikuletan inspiratutako pizzak egitera. Pizza Movies (2026) Movistar Plusen dago jada ikusgai. Atzo Gaizka Izagirrek komentatu zuen filma, eta gaur nire txanda da.

Thais (Judit Martin) kultur kazetari eta zinema kritikaria da, eta krisi profesional eta pertsonal sakon batean dago, lan prekaritateaz eta desengainuaz nekatuta. Egoerari buelta eman nahian, dena bertan utzi eta zerbait berri hasteko konbentzituko du bere senar Alan (Berto Romero), publizista lanbidez bera. Baina ez dute edozein negozio sortuko: Hollywoodi eta zinemari eskainitako pizzeria tematiko bat irekiko dute.

Egunerokotasunaren pisuan murgilduta, hain ezagunak zaizkigun egoera ugari erretratatzen ditu Pizza Movies-ek, umorea ikuslearengana gerturatzeko tresna nagusi bihurtuta. Alde horretatik, zaila da Poquita fe ez gogoratzea. Eguneroko frustrazio txikietatik, prekaritatetik eta itxuraz garrantzirik ez duten egoeretatik sortzen den umore absurdo eta kostunbrista bera du.

Esan beharra dut beti dagoela Berto Romerorekin barre egiteko aitzakia ona, baina, oraingoan, filmaren sorpresarik handiena Judit Martin izan da niretzat. Haren pertsonaiak betetzen du filma: gai da, komediatik abiatuta, frustrazioa, nekea eta oraindik zerbait berri hasteko geratzen zaigun ilusio hori transmititzeko.

Denboraren joana, lan prekaritatea eta zinemak jendea elkartzeko duen gaitasuna dira komediaren osagai nagusiak. Batzuetan, hainbeste denbora ematen dugu geure burua hobetu nahian, non bizitzea bera ahazten zaigun. Pizza Movies-ek, ordea, ez digu bizitza konpontzeko formula handirik eskaintzen. Askoz gauza xumeagoa proposatzen du: ilusioa berreskuratzea, ideiak bururatzea eta maite dugun horri berriro lekua egitea.

Ez da, ziurrenik, luzaroan buruan geratuko zaizkizun film horietako bat. Baina ezta beharrik ere. Pizza Movies gustura ikusten den komedia txiki eta atsegina da; tarte batez eguneroko zarata isilarazi, barre egin eta bizitza zertxobait arinago hartzera gonbidatzen zaituzten horietakoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA