Horiek behar-beharrezkoak dira arrantzan ibiltzeko, Bermeon ondo dakiten moduan, baina bi hitz horiek sexuaz hitz egiteko ere erabil daitezke, Nagore eta Eneritz sexologoek Plazera ezan da podcastaren lehenengo atalean azaldu zutenaren arabera. Graku, bobo zergarie, pitxarrosie, zartena (barkaidazue baten bat gaizki idatzi badut) badira bermeotarrez esaten diren beste adiera batzuk, eta horiek eta beste asko azaltzen dituzte saio bakoitzaren azken minutuetan. Izan ere, sexualitatea eta euskara uztartzen dituzte Itsuki irratiaren Youtube kanalean topatzen dugun saio honetan.
Gorabehera pertsonalek eraman naute Bizkaiko herri horretara, eta ez dut ukatuko batzuetan kostatzen zaidala bertako hizkera ulertzea —hitz egiten ez naiz ausartuko, berba solte batzuk kenduta—, baina era berean gustuko dut, sonoritate berezia baitu. Eta hori da Itsuki irratiaren balio erantsia, baina ez soilik. Batetik, balioa eman nahi diot eskaintzen duen irudiari, logotipotik hasi eta eszenaratzeraino, eta bereziki, saio bakoitzean parte hartzen dutenak aurkezteko komiki-marrazkiari. Zorionak, benetan, artistari! Bestetik, eta irratiaz ari garenez, azpimarratu nahi dut edukien eskaintza, non denetariko publikoentzako saioak dauden.
Ezagutu dudan beste hitz bat lagun batek esaten duen alabadxi edo alabatxi da, neska gazte eta ez hain gazteak izendatzeko. Bermeon ere sasoian egon nahi dute, eta, horretarako, Idurre Bilbaok gidatzen duen Alabatxi on fire saioan fisikoki eta psikikoki zaintzeko aholkuak, elikadura ohiturak, ariketak eta ongizatearekin loturiko informazioak eskaintzen dira. Halaber, aipatzekoa da beste irratietan ahaztuta dauden etxeko txikienek ere badutela beren gunea herriko irratian: Enebada honek gaztiek bideopodcasta, non taldeka parte hartzen duten, eta beren mundu ikuskera berezia eskaintzen duten. Eta, nola ez, tokian tokiko informazioa, bertako pertsonekiko elkarrizketak, agenda… ere entzun daitezke uhinen eta Interneten bidez.
Orain, udan, mikroek eta kamerek kaleak berriz hartuko dituzte, eta Lamerako kioskoan edo Talan agertuko dira bizitzari bermeotarren erara begira.