EKOGRAFIAK

Arrakasta

Gaizka Izagirre
2023ko azaroaren 10a
00:00
Entzun

Zeinen gustura irakurri dudan Jaione Osororen Arrakasta liburua. Arrakasta gaitzat hartuta idatzitako saiakera da, gure artean hainbat arlotan arrakasta izan duten pertsonak elkarrizketatu, eta haien hitzak zein Osororenak bilduz osatutakoa. Jon Garaño, Itziar Ituño, Izaro Andres, Gorka Urbizu, Maider Egues, Harkaitz Cano, Eneko Atxa, Markel Irizar, Aizpea Goenaga, Eva Domingo eta Joxemari Agirretxe dira saiakeraren protagonistak.

Sarritan gertatzen zaidan moduan, irakurketarekin jaiotzen zaizkidan hausnarketak pantailan ikusteko beharra sentitu dut; horregatik, hurrengo ariketa jarri diot neure buruari: Primeran plataforman murgildu, eta bertan gaiarekin lotura duten euskal dokumentalak ikustea.

Musikariekin hasi naiz, Izaro abeslariak ondo baitaki arrakasta zer den. Limoiari eztia lana ikusi dut: kontzertu bat antolatu eta bizitzearen esperientzia barrutik ezagutzeko dokumentala da. Hausnarketa kontziente bat ere egiten du, eta oso interesgarria da. Berri Txarrak-en Dardara ere Primeran-en ikusiko nuelakoan nengoen, baina ez. Horren ordez, 2014ko Iragana aurretik ikusi dut. Taldeari buruzko bi dokumental labur dira. Lehen atalean, taldearen ibilbideari buruzko hausnarketak aletzen ditu Gorka Urbizuk, taldearen 20. urteurrena kari. Bigarrenak, berriz, Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitzaren sorkuntza prozesua eta grabaketa ditu ardatz.

Kirolariak ere ezin bazterrean utzi. Aritz Aduriz: Gogoaren indarra eta Beldurretan arraunean: Maialen Chourraut izenburuak aukeratu ditut. Bigarrena iruditu zait interesgarriagoa: azken ziklo olinpikoari nola egin zion aurre erakusten du lanak; bestea baino mamitsuagoa iruditu zait.

Gure sukaldariak atala azkenerako utzi dut. 1990. urteko Hamalau euskal sukaldari saioa iruditu zait bitxia. Hasier Etxeberriak zuzendua, Karlos Argiñanok horrekin hasi zuen telebista ibilbidea. Zoritxarrez, nabarmentzen diren lan ia guztiak gizonezko sukaldarienak dira. Zortzigarren atala gomendatzen dizuet; Ana Mari Añorga ageri da.

Lan horiek ikusita, argi geratu zait, Osorok dioen moduan, bi arrakasta mota daudela. «Kanpokoa; kuantitatiboa, errentagarritasunarekin lotuta dagoena, produktibitatearekin», eta «barrukoa; ongizatearekin lotuta doana».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.