urtzi urkizu
Pantailen artetik

Arte(tik) (artea) arte(raino)

2026ko uztailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreko batean lerro hauetara iritsi zen zer-nolako garrantzia duen Olatz Ovejero ikerlariak zinemaren arloan egindako doktore tesiak, non emakumezko zinemagileen (ikus)ezintasunaren genealogia batean sakontzen zen. Arte garaikidearen eremuan, beste formatu batean, antzeko zerbait osatu du Tamara Garcia Iglesiasek Harri biguna dokumental saioan —Primeran eta ETB On plataformetan ikusgai—. Genealogia oso mamitsu bat.

1960ko hamarkadan abiatzen da Harri biguna, eta berrogei urtean Euskal Herriko arteak izandako bilakaeraren inguruan hausnartzen du. Artearen analisi feminista bat proposatuz. Herritar gehienentzat ezezagunak diren emakumezko artistak pantailara eramanez. Saio horren artisau lanean aritu dira Maria Elorza, muntatze lanean; Naroa Elkoro Saldias, Laura Lizuma eta Kim Maiteny Munoa, ekoizpenean, Garcia Iglesiasekin batera; Jone Novo, argazki zuzendaritzan; Laura Ibañez, animazioetan. Eta beste zenbait konplize ere izan dituzte.

Lehen atalean, 1960ko hamarkadari eskainitakoan, Elena Goñi eta Isabel Baquedano artistak ezagutzeko aukera du ikusleak. Hurrengo hamarkadetan, emakumezko artisten kopuruak gorantz egin zuen. Izen gehiago ageri dira, eta artxiboko irudi hautatuek egoki ematen dute testuingurua. Berezia da atal bakoitzaren sarrerako collagea. Eta hor ageri da Euskal Herriko mapa bat, non barnean hitz hauek idatzita dauden: «Euskal Herria testuinguru bat da. Narratiba bat da. Gizarteak, ibilbide honetan, galderak eta arazoak sortzen ditu. Galdera horien erantzuna kultura da...». 90eko hamarkadari bi atal eskaintzen dizkio Garcia Iglesiasek; hain zuzen ere, Bilboko Guggenheim museoaren sorrerak ematen du zeresana Euskal Herriko arte garaikidearen historia laburrean. Laburra, baina ez eskasa. Narratiba bat bada hor.

Harri biguna dokumental saioa
'Harri biguna' dokumental saioaren irudi bat. HARRI BIGUNA

Dokumental saioko atal guztietan, era berean, neska gaztetxo bat ageri da testu bat irakurtzen, euskaraz. Zer ulertu duen galdetzen diote gero. 

2000ko hamarkadari eskainitakoa da azkeneko atala. Horrenbestez, genealogia hori osatzen jarrai dezake Garcia Iglesiasek; azkeneko hamasei urteetan izan baitute zer esana eta zer erakutsia Euskal Herriko emakumezko artistek.

Harri Biguna dokumentala
'Harri Biguna' dokumental saioaren irudi bat. HARRI BIGUNA

Primeran plataformatik irten gabe, Euskal artista garaikideen erresonantzia bilduma hasi berria dute EITBn. Esther Ferrer eta Mari Puri Herrero artistei eskainitako dokumental bana aurki daiteke bertan.

Heziketa, eskulturaren bitartez

Artearen bueltako beste lan erakargarri bat iritsi da berriki pantailetara: Euskal eskultura bizirik. Hamaika telebistak uztailaren 10ean eman zuen, eta noiznahi ikus daiteke haren webgunean. Gexan Mendizabalek egin duen dokumental hori Oiartzunen (Gipuzkoa) murgiltzen da, Euskal eskultura bizirik erakusketaren ingurukoak kontatzeko. Pagoarte euskal arte eta kulturaren erakundearen eskutik, artea eta eskultura kalera ateratzeko proposamen bat egiten dute. Han ageri dira, batetik, Lorentxo Garmendia, Onintza Etxebeste, Pablo Zurriaran, Ainara Lasa, Idoia Beratarbide, Juan Azpitarte, Belen Moreno, Mikel Barrero, Uxue Lasa, Antton Mendizabal —Euskaldunon Egunkaria-rekin eta BERRIArekin izan duen lotura, beste artikulu baterako—, Leire Sainz de Aja, Guillermo Olmo, Blanca Sagasti, Javier Perez eta Iñigo Aristegi artisten lanak. 

Baina nabarmentzekoa da, eredu gisa, nola haur eta nerabe batzuk jartzen dituzten Oiartzunen eskulturak sortzen. Aire zabalean, gainera. Eta nola gero gaztetxo horiek beren guraso eta senideak eramaten dituzten eskulturak ikustera. Une batean, eskultoreetako batek esaten du esperientzia hori beste herri batzuetara eramateko modukoa dela. Mikel Mendizabalek badaki plastikaren eta artearen pedagogiaz zerbait. Hura da Pagoarteren eta Euskal eskultura bizirik erakusketaren alma mater-etako bat. Mendizabal eskulturekin irakurketa itsuak egiten zituen bikoiztaile euskaltzalea da. Hark dokumentalean nabarmentzen du zein garrantzitsua den artea heziketan. Ea haren hitzek oihartzuna baduten, Oiartzundik harago.

'Euskal eskultura bizirik' dokumentala, osorik, Youtuben.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA