Azkenik iritsi da Filmin plataformara, Obsession-ekin batera, 2026an beldurrezko generoan zalaparta gehien eragin duen Backrooms.
A24 ekoiztetxearen zigilupean eta Kane Parsons gaztearen begiradapean ondua, lanak Parsonsek berak sortutako izen bereko web seriean du jatorria, Parsonsek berak Youtuben sortutako unibertso batetik dator dena. 2022an lehen bideoa argitaratu zenetik, milioika ikus-entzule bildu ditu, eta sarean izandako oihartzun handi horretatik sortu da orain film luzea.
Irudikatu Lynchen filmetako amesgaiztozko irudiak, Lovecraften izu kosmikoa, Severance telesaileko espazioak eta The Blair Witch Project filmeko found footage kontzeptua. Nahastu osagai horiek guztiak koktel-ontzi batean, eta Backrooms filmaren antzeko zerbait aterako da. Antzekoa; izan ere, ia ezinezkoa da Backrooms zehaztasunez katalogatzea, deskribatzea edo azaltzea.
1990eko Kalifornian girotua, altzari-denda nahiko bateko (Ejiofor) jabeak bere dendako sotoan ate misteriotsu bat aurkitu du. Atea zeharkatzean, amaierarik gabeko korridorez, gela hutsez eta logikarik gabeko espazioz osatutako labirinto batera iritsiko da.
Itxuraz sinplea den ideia amesgaizto hipnotiko eta sakonki kezkagarri bihurtzen du Kane Parsonsek. Protagonistak labirintoan galtzen diren moduan, ikusleak ere antzeko egoera batean murgiltzen dira: «Zer da hau? Ez dut ezer ulertzen, baina hala ere aurrera jarraitu nahi dut». Narratibak ez du zertan erantzunik eskaini; aitzitik, ziurgabetasuna bera bihurtzen du esperientziaren muin.
Obra zinematografiko gisa, Backrooms inperfektua da. Batzuetan, sakontasun dramatikoa eta koherentzia narratiboa alde batera uzten ditu atmosferaren indarraren mesedetan. Baina, paradoxikoki, horixe da bere erakargarritasun nagusietako bat. Beldurrezko film askok ezustekoen edo indarkeriaren bidez sortzen dute tentsioa; Backrooms-ek, ordea, egonezin iraunkor eta isila eragiten du, arkitekturaren hutsunean, espazioaren hotzean eta ezagunak diruditen arauen hausturan oinarrituta.
Beldurraren geografia berrasmatzen duen film bitxia da; hitzez nekez azal daitekeen esperientzia bat, ikuslearen barrenean geratzen den amesgaizto isil bat. Arauak irauli eta izuaren hizkuntza berridazten duen proposamen liluragarri bezain deskribaezina.