benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Azken euskalduna

2025eko abenduaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

XXII. mendea amaituko den honetan, inor gutxik espero zuen euskarak hainbeste iraungo zuenik. Bai, azken euskalduna izango naiz. Uste dut nirekin batera hilko dela amarengandik jaso nuen hizkuntza zahar hau. Egia esan, ez naiz triste sentitzen. Baina azal dezagun nor naizen. Duela hogei urte amak haur bat izateko eskaera egin zion Eurasiar Batasuneko Desazkunde Ministerioari. Ia ezinezkoa da baiezkoa jasotzea. Ama ministroaren laguna izateak lagunduko zuen. Eskaera onartu eta inkubagailu baten eman nuen haurdunaldi osoa, gaur egungo haur guztiekin egiten duten bezala.

Han nituen beharrezko tenperatura, hezetasuna eta elikagaiak. Musika bikaina ere entzun ahal izan nuen hilabete horietan, AAk beren-beregi niretzako sortutako acid jazz abestien bilduma aparta. Euskal Herrian hiru milioi biztanle izatera iritsi ginen pasatu den mendean, gaur egun 350.000 inguru gara. Robotikari, automatizazioari eta adimen artifizialari esker lanbide gehienak desagertu ziren XXI. mendean zehar. Abokaturik eta epailerik ez zen behar jada, AAk bideratzen zituen prozesu guztiak, justizia bidezkoa eta azkarra bermatuz.

Musikari, diseinatzaile, zinemagile eta bestelako artista profesionalen lanbideak desagertu ziren. Pentsatze hutsarekin, oso erraza bihurtu zen edozein diziplina artistikotako azken artefaktua ekoiztea. Taberna, jatetxe eta dendetako langilerik jada ez zen behar, etxea garbitu edota haurrak zainduko zituenik ere ez. Irakasle, polizia, elektrizista, iturgin edota errepideak konpontzen zituzten langileekin ere berdin. Hobe zen dena androideen eskuetan uztea. 

XXI. mendearen amaieran, gerra nuklearra hastear zela, guztion burmuinetan txipa inplantatzea izan zen bakea sinatzeko soluzio bakarra. Ondoren, gobernu zentralizatua eratu zuten. Erabaki zuten bost zientzialari kontratatzea, ekuazio magikoa asma zezaten. Eta lortu zuten; biztanleriaren batez besteko poztasuna zen maximizatu beharreko aldagaia ekuazio hartan. Ordudanik, abangoardia zentralizatu batek hartzen ditu erabaki guztiak. Elkarren artean konektatutako txipen sare baten bidez zabaltzen dizkigute betebeharrak. Gure lana da, gu geu, espeziearen segurtasun-kopia izatea. Txipen derrigortasuna izan da historian hartu den erabakirik borobilena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.