gaizka izagirre
'Ekografiak'

Azken hitzak

2025eko azaroaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den urriaren 1ean hil zen Jane Goodall, 91 urte zituela. Animalien portaeraren zientzian egindako ekarpenez gain, Goodallek lan handia egin du animalien habitatak babesteko eta ingurumena zaintzeko kontzientzia sustatzeko, eta bere mezua mundu osoan zehar zabaltzea lortu du.

Horri lotuta, Netflixek proposamen berezi bat estreinatu du, eta dagoeneko eztabaida sortzen ari da. Jane Goodallen heriotzatik bi egun eskasera, Famous Last Words: Dr. Jane Goodall lana kaleratu du. Elkarrizketa formatuan eta modu intimoan aurkezten da Goodall, narratzaile baten bidez, eta bertan bere ibilbide profesionala eta bizitza pertsonala errepasatzen dira; Goodallen elkarrizketa hori bilduma berri baten hasiera baino ez da.

Ikus-entzunezko arrunta dirudien arren, ez da horrela: elkarrizketak protagonistak hil ondoren bakarrik argitaratzen dira.

Seriea izen bereko Danimarkako proiektuan oinarrituta dago, eta helburua artisten, zientzialarien eta erreferente kulturalen gogoetak biltzea da. Grabazioa isiltasun itun baten azpian egiten da: inork ez du materiala ikusten protagonista hiltzen den arte.

Telesailak eztabaida piztu du, gaiaren sentikortasunagatik eta hil ondorengo edukia zabaltzeak dakartzan dilema etikoengatik. Hala ere, Netflixek proiektua babestu du, eragin handiko pertsonen ondarea modu intimo eta errespetuzkoan gordetzeko asmoa duelako.

Goodallek whiskia patxadaz edaten duen bitartean —hala eskatzen du berak hasieran—, elkarrizketan gogoetatsua eta zintzo agertzen da. Bere apaltasunak eta portaera isilak ukitu berezia eta dibertigarria ematen diote elkarrizketari; maiz adierazten du harrituta dagoela mundu osoan ezaguna delako.

«Mundu honetako zein pertsona ez dituen gogoko?», galderari erraz erantzuten dio: tartean Elon Musk, Donald Trump, Vladimir Putin eta Benjamin Netanyahu daude. Gizon horiek berak hainbeste aztertu dituen txinpantze arrekin alderatzen ditu Goodallek, dominantziaren alde borrokatzeko erabiltzen duten bortizkeria dela eta.

Proposamenak sor dezakeen morboaz edo polemikaz harago, ikus-entzunezkoa gomendagarria da. Jane Goodallen bizitza, lana eta ondarea ditu ardatz, eta txinpantzeak aztertzen egindako jarduna zein ingurumena zaintzeko hartu duen konpromisoa nabarmentzen ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.