Joan dira abuztua eta iraila. Bueltan da igandeetako Pantailen artetik tarte hau, eta begi bistakoa da izango dela zertaz idatzi. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehian izan ostean, eta Jose Ramon Soroiz Pinpix-ek aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazita, Hego Euskal Herriko 30 aretotara baino gehiagotara iritsi da Maspalomas euskarazko film indartsua. Ez zaitezte ikusi gabe gelditu, arren!
Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik maisuki zuzendutako film horretan, argi denez, ahots goran goraipatzekoa da Soroizek rol protagonistan egiten duen lana. Baina nabarmentzekoa da beste rolak jokatu dituzten aktoreen lana ere: benetan ondo ari dira Kandido Uranga, Zorion Egileor, Kepa Errasti —zoragarri dago—, Nagore Aranburu eta gainontzeko guztiak. Sebastiane saria ere jaso zuen filmak, LGTBI gaiei eskainitako lanen artean aitortza merezita. Luze txalotzeko moduan gerturatzen da pelikula gaira: adin batetik gorakoek homosexualitatea nola bizi dezaketen; kasurako, zaharren egoitza batean. Sariak sari, euskarazko zinemaren gordelekuan toki esanguratsua izango du Maspalomas-ek.

Zorionez, gainera, Maspalomas-ek hasitakoak —irailaren 26an iritsi zen areto komertzialetara— jarraipena izango du datozen asteetan eta hilabeteetan. Euskaraz zer ikusi egongo da udazkenean.
Donostiako Zinemaldian Sail Ofizialean estreinatu duten aurreneko telesaila da Zeru ahoak. Lau atalak pantaila handian errenkadan ikusteko aukera izan zen —hori gozamena!—, eta EITB hasi da atalak astero banan-banan emititzen. Gaur gauean emitituko du ETB1ek bigarren atala; Primeran plataforman ostegunetik ikus daiteke, eta hurrengo bi ostegunetan iritsiko dira hirugarren eta laugarrena. ETB1en datozen bi igandeetan emango dituzte azken bi atalak.
Asko hitz egin daiteke Zeru ahoak telesailaz. Eta ia-ia dena ona da. Koldo Almandozek Harkaitz Canorekin batera ondutako gidoia hain da iradokitzailea. Hain ondo daude pertsonaiak marraztuak. Hain ondo daude Nagore Aranburu, Sara Cozar, Ramon Agirre, Josean Bengoetxea eta Miren Gaztañaga aktoreak. Hain ederra da telesaileko argazkia. Hain fin ateratzen diote zukua Bilbo Handiari. Ezinbestean, argia da ondorioa: azkeneko urteetan egin den euskarazko telesailik onenetakoa da Zeru ahoak, onena ez bada. Sekulakoa zen Hondar ahoak, eta hau koska bat gorago dago. Ezin ahaztu Aitor Etxebarriaren musika, aparta hori ere.
Hausnarketak
Euskarazko film eta telesail eder gehiagoren gogoz daude zinemazale euskaldun asko. Baina badira sektorearen inguruko hausnarketa batzuk, tentuz begiratzekoak, ikasturte guztian errepika daitezkeen mintzagaiak. Ahal dela, zintzotasunez lantzeko kontuak. Almandozek Argia aldizkarian egindako adierazpenak dira hauek: «Hipokrita samarrak gara beti euskarazko edukiak kontsumitzeko esaten, baina gero datuek esaten dute euskaldunok ere ez ditugula eduki horiek kontsumitzen. Eta, noski, inork ez du dirurik jarriko kontsumitzen ez den zerbaitetan...». Eta ez zaio arrazoirik falta beste honetan Almandozi: «Argi dago administrazioak, erakundeek, EITBk berak apustu handiagoa egin beharko luketela euskarazko ekoizpenen alde, baina beste aldean gaudenok ere, zinema ikusten, ekoizten, programatzen dugunok ere egin beharko genuke».

Bada, honako hau ere egitate bat da: ETB2ko La noche de... zinema saioak 30 urte bete ditu. Jarraitzen du gaztelaniazko saioak, astearte gauero. Zinemari eskainitako euskarazko saio bat bada, Kanaldudek egina, eta egun ETB1ek ez du halakorik. Zinemari eskainitako ETB1eko azkeneko saioan, lehen filma gaztelaniaz eman zuten. Atera kontuak!

Bada beste meloi bat edo lorategi bat ikasturte honetan albo batera ezin utziko dena. Harri X. Fernandez kazetariak elkarrizketa interesgarria egin zion Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariari irailaren 14an Noticias de Gipuzkoa egunkarian, eta kazetariak gogorarazi zion Josu Martinezek euskal zinemaz egiten duen definizioa. Rebordinosen erantzuna: «Euskal zinema ziur aski euskaraz egindako zinema da. Baina pelikula vasca batez hitz egiten denean, euskal ekoiztetxe batek ekoizten denaz ari gara, definizio hoberik ez den bitartean». Cine vasco versus euskal zinema. Bertsoari puntua jarri dio Rebordinosek: «Ziur aski, interesgarria izango da eztabaida bat zabaltzea, beldurrik gabe, eta ez dadila inor urduri jarri». Eta ez dadila eztabaida hori X sarean egin.
Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz taldeko bozeramaileak, bederen, hausnarketa interesgarria egin zuen ostiralean Irutxuloko Hitza-n. Zer da euskal zinema? Iritsiko dira gehiago.