benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Betaurrekoak apurtu?

2026ko urtarrilaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tiktoken erabiltzaile batek bideo bat zabaldu zuen duela aste gutxi sarean. New Yorkeko metroan ageri zen berau, Meta konpainiaren RayBan betaurreko adimendunak jantzita. Gailu horiek adimen artifiziala erabiltzen dute erabiltzailearekin elkarreragiteko. Edozein galdera erantzungo dizute eta jada gai dira irudiak ere betaurrekoetan gainjartzeko. Baina betaurrekoek badute bestelako aukera bat ere: integratutako kamera bat dute, eta horrek ingurua argazki zein bideo formatuan grabatzeko aukera ematen du.

Azal dezagun New Yorkeko metroan sortu zen gatazka, bada. Bideoa igo zuen erabiltzailearen arabera, aurrean zuen emakume bat hurbildu zitzaion, eta, bat-batean, betaurreko adimendunak kendu eta txikitu egin zizkion. Testuinguru gehiegi ere ez da ematen han gertatutakoa ulertu ahal izateko. Hori bai, bideoan egileak emakumeari ohartarazten dio famatua egingo dela erasoagatik. Eta bai, famatu bihurtu da emakumea, baina ez mutikoak uste zuen arrazoiagatik, neska heroi gisa hartu baitute mundu osoan zehar.

Baina zergatik nagusitu dira emakumearen aldeko iritziak sarean? Badirudi gizartearen zati bat nekatzen hasia dela teknologia berriek dakarten intrusioarekin. Betaurrekoek muga etiko bat zeharkatzen dutela dirudi: edonor, edozein unetan, ezkutuan grabatua izateko arriskua. Nahiz eta askok onartu dugun garraio publikoan segurtasun kamerak egotea —aste honetan bertan Bilboko metroan senide batek jasandako lapurreta bat argitzeko balio izan duten bezala—, norbanako batek bere betaurrekoekin etengabe grabatu ahal izateak bestelako ezinegona sortzen du.

Segurtasunaren eta intimitatearen arteko oreka ez da erraza. Egia da sakelako telefonoek ere ematen dutela ingurua grabatzeko aukera, baina betaurrekoek mesfidantza gehiago eragiten dute; ez dugu desiragarritzat jotzen gure ingurua etengabe zelatatua izatea. Ikusteko dago bideo biralarekin gertatutakoa erreakzio bakana den, edo zabalagoa den erantzunaren hasiera baino ez den. Kontuan izan behar dugu teknologia enpresa erraldoien apustua argia dela: mugikorrak desagertzean betaurreko adimendunekin ordezkatzea.

Etorkizunak esango du zer gertatuko den, baina antiojo zelatari horiek izango dira gizartean biziko dugun hurrengo korapilo teknologikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.