Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Betikoa

2023ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Jakin badakit denetik dagoela zutabe hauen irakurleen talde ez zabalegiaren baitan. Gosaritan, kafesneak lagunduta, paperezko egunkaria goitik behera leitzen duzuen jubilatuak. Twitterren zer edo zer ikusita esteka honetaraino heldu zareten jada-ez-hain-gazte despisatuak. Lagunak edo senitartekoak zaretelako bakarrik irakurtzen nauzuenak. Edo irakurtzen duzuenak, etsaitasunez eta amorruz, zuek askoz interesgarriagoak zaretela egiaztatzeko. Hain da talde heterogeneoa, non zaila baita asmatzea zer esan daitekeen azalpenik gabe eta zerk behar duen testuingurua ematea.

Hasieratik hasiko naiz, badaezpada; kazetaritzaren arauei uko egin eta titularra atzeratu behar badut ere. Zuzeneko bideo emisioak egiteko sortutako plataforma da Twitch, estuki lotutakoa gamer edo bideojokozaleen komunitatearekin. Klase guztietako jokoetan aritu bitartean pellokeriak botatzen dituzten gizon gazteak dira nagusi. Eta bai: milaka lagun aritzen dira haiei begira, arratsalde pasa. Ibai Llanos, Auronplay edo The Grefg bezalako izenak entzun badituzu inoiz, bertan duten arrakastagatik da.

Bideojokoen bueltan eraikitako ikusleria dute, baina bada denboratxo bat ohartu zirela plataforma egokia dela beste gauza batzuetarako. Kirolari famatuak elkarrizketatuz hasi zen Llanos, eta horrek eragin du futbolari profesional zenbait plataformako erreferente direnen lagun-sarean sartzea. Tartean, Gerard Pique eta kirol ekitaldiak antolatzen dituen haren enpresa: Cosmos. Propio Twitchen emititzeko ekitaldiak sortu dituzte azken bi urteotan: boxeo lehiak, globo txapelketak... beren arau, epaile eta guzti.

Aurten biderkatu egin dute apustua. Kings League izena duen futbol liga bat sortu dute hutsetik, beren burua aurkeztu duten han-hemengo jokalariekin hamabi talde osatuta eta arau berri bezain deigarriekin. Talde bakoitzeko presidentea Twitchen milioika jarraitzaile dituen streamer bat da, eta norgehiagokak ez ezik, taldeburu guztiekin osatutako mahai inguruak ere emititzen dituzte. Harrotutako gizon kuadrilla bat da funtsean, harrotutako gizonentzat ari dena, builaka. Baina datuak harrigarriak dira: asteburuan jokatu da finala Camp Noun, 92.000 lagun zirela bertan. Twitchen bi milioi lagunek ikusi dute. Zenbat aldatu diren gauzak. Eta zeinen gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.