Donostiako Tabakalera, 2023ko irailaren 21a. EITBk han aurkeztu zuen Primeran plataforma, eta gonbidatuen artean bazen gorbatadun deigarriren bat. Han zegoen Jaume Roures, Mediapro konpainiaren sortzailea eta akziodun nagusietakoa —La Sexta katearen sortzaileetako bat ere izan zen, eta PĂºblico egunkariarena—. EITBko zuzendaritzaren eskerrak jaso zituen Rouresek, Primeran plataformaren garapen teknologikoa Mediaprok egin zuelako. EITBk ondoren martxan jarri dituen plataformen atzean dago Mediapro; hau da, Euskal Herritik kanpoko nazioarteko enpresa baten esku gelditu da hori guztia.
Firefox nabigatzailean Guau plataforman sartu, eta ezin bertako edukiak entzun. Gertuko euskaldun baten kexa: Primeran plataforma etengabe ari zaiola posta elektronikoko helbidea eta pasahitza eskatzen, eta etsi egin duela. Aita baten mezua sare sozialetan: semea negarrez duela, haien telebista adimendunean ezin delako Makusi plataforma jarri. Irratizale baten kexa: lehen Interneten Euskadi Irratia zuzenean entzuteko aukera zuela, eta ez duela plataforma batean erregistratzeko inolako asmorik irratia Interneten entzuteko.Â
Ezin da esan plataformetarako jauzia erraza denik. Errazagoa da kritikatzea egitea baino. Hori bai, garapen teknologikoa Euskal Herritik kanpoko enpresa handi bati eman baldin bazaio, espero izatekoa zen zergak ordaintzen dituen herritarrak esperientzia hobea izatea haiek erabiltzeko garaian.Â
Duela hiru aste, EITBko langile batzordeek agiri bat zabaldu zuten, salatuz plataformak «era opaku eta arbitrarioan» egiten ari direla. Gehiago ere esan zuten: «Artxibo digitala galtzea ekarri dute zenbait plataforma berrik». Adibide batzuk dira honako hauek: Osasun etxea eta La mecĂ¡nica del caracol irratsaioen artxiboak desagertu egin dira EITB Nahieran-etik Guau plataformara jauzi egitean. EITB Nahieran zerbitzuan ikusgai zeuden saio batzuk ere ezin dira ikusi ETB On plataforman: Ez da posible, Kerman mintzalagun bila, Mihiluze-ren lehen etapako saioak —2006tik 2013ra ETB1ek eman zituenak—, Eskerrik asko, Petrov falta dira orain... eta ez daude osorik Hitzetik hortzera, Teknopolis eta EITB Kultura saioak. Pena da, altxor asko baitzeuden horietan.
Plataformek badituzte onurak, aukera ematen baitute noiznahi lan kutun batzuk ikusteko edo entzuteko. EITBk propio horietarako ekoitzitako saio eta fikzio batzuk ere ederrak dira. Edonola ere, jabetuta egon behar da bidean eduki batzuk galtzen ari direla. Hartzaile batzuk ere bai, eta horretan talde publikoak azpikontratatutako Mediapro konpainiak izan duela eragina.